Bost urte beren bidea urratzen

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 31a, 12:27
Elene Astigarraga, Iraia Irureta, Amaia Loiola, Mikele Lapeira eta Haizea Egiguren.

Bost urte bete dituzte herriko ikasleek osatutako autoantolaketa taldeek. Hainbat gai lantzen dute eskola orduetatik kanpo, besteak beste, tratu onak, sexualitatea eta hezkidetza ardatz hartuta. 2013an egin zituzten taldeak osatzeko lehen urratsak, ikaskide batek sexu erasoa jasan ostean.

Bost urte dira Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko ikasleek Mare More taldea sortu zutela. Ikaskide batek sexu erasoa jasan ostean, 2013. urtearen bukaeran, eratu zuten taldea. Talde haren sorreran ibili zen Amaia Loiola (Azpeitia, 1999), eta bost urte pasatuta, hastapenetara jo du: "Erasoa gertatu ostean, Arremanitzeko kideak etorri ziren ikastetxera. Ikasleekin nahiz gurasoekin lanketa egiten hasi ziren, eta gazteon artean zerbait egiteko indarra sortu zen".

Haizea Egiguren (Azpeitia, 1984) izan zen Iraurgin esku-hartze saioak eskaini zituen Harremonakeko kideetako bat. "Gertaera haren aurrean bi aukera zeuden: orria pasatu edo zerbait egin. Iraurgikoek hartu zuten jarrera asko gustatu zitzaidan; izan ere, erabaki zuten gaiari heltzea eta arreta jartzea". Arazoari "modu kolektiboan" heldu ziotela gogoratzen du Egigurenek: "Emozioei tartea eman genien, eta gure buruari galdetu geion nola sentitzen ginen gertatu zenaren aurrean. Erantzuna berehalakoa izan zen, eta gaia kolektibizatu genuen".

Saio haien ostean "ahalduntzen segitzea" nahi zutela eta, Mare More taldea osatu zuen hainbat ikaslek. Egigurenen arabera, talde haren sorrera "esperimentua" izan zen, baina "ondo" urratu zuten bidea, eta haren norabidera batu ziren Urola Ikastolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko taldeak. "Harremonakeko kideek saio bat eskaini ziguten eskolan, eta esan ziguten autoantolaketa talde bat sortu zela Iraurgi ikastetxean", azaldu du Mikele Lapeira (Azpeitia, 2000) Urola ikastolako ikasle ohiak. "Motibatu egin ginen, guk ere kontzientzia sortzea nahiz gauzekin jabetzen hastea nahi genuen".

Gai ugari

Eskolaz kanpoko ordutegian elkartzen dira autoantolaketa taldeetako kideak. Hain zuzen ere, talde horiek DBH3ko ikasleek osatzen dituzte. Loiolak eta Lapeirak orain dela bospasei urte parte hartu zuten talde horietan, eta badute zer kontatu. "Bestela hitz egingo ez genukeen gauzez solasten da, eta konturatzen zara zure egonezin berak dituen jendea badela", azaldu du Lapeirak. Sasoi hartako oroitzapen "ederrak" dituela azaldu du: "Lehen urratsak orduan egin genituen. Izan ere, amak esan gabe zerbaitekiko konpromisoa hartzen nuen lehen aldia izan zen. Begiak irekitzen eta kontzientzia hartzen laguntzen du".

Egigurenek uste du taldeen gakoa "borondatezko eremua" izatea dela. "Ez da eskola orduetako kontua. Gainera, bi norabidetan egiten da lana: barrura begira eta kanpora begira. Guk gaiak proposatzen dizkiegu, baina taldekideek erabakitzen dute erritmoa eta mugimendua".

Erritmoari lotuta, Lapeirak adierazi du "inflexio puntu" batera iritsi zirela Urola ikastolako taldeko kideak: "Nekatu egin ginen pankartak eta bideoak egiteaz, kanpora begira aritzeaz. Erabaki genuen sentitzen genuena lantzea, eta halaxe hasi ginen filmak ikusten, tailerrak egiten... Hitz egiteko gogoa genuen".

Landu izan dituzten gaiak ekarri ditu gogora Loiolak: "Rolak, edertasuna, beldurrak, Azaroaren 25a, Martxoaren 8a, parodiak, atzerkiak, maitasun erromantikoa... Askotariko gaiak landu genituen". Bide beretik segitzen dute gaur egun ere, Iraia Iruretak (Azpeitia, 2004) eta Elene Astigarragak (Azpeitia, 2004) azaldu dutenez: bihar dira elkartzekoak Ikasberriko autoantolaketa taldeko kideak Martxoaren 8az hitz egiten hasteko: "Grebaz hitz egingo dugu, kokatzen joateko".

Neskak gehiago

Azpeitiko Udalak sustatuta, hezkidetza proiektua duela hamar urte jarri zuen martxan herrian, eta haren karietara, Hezkidetza Foroa osatu zuten aurrerago. Harremonak programaren bidez, hezkidetza, sexualitatea eta tratu onak lantzen dituzte ikasle guztiek eskola orduetan, eta hautazkoa da autoantolaketa taldeetako parte hartzea.

Egigurenek azaldu duenez, DBH 3ko ikasle guztiak animatzen dituzte talde horietara batzera, baina kide gehienak neskak izaten direla adierazi du: "Erronka dugu mutilen parte-hartzearekin. Mutilek, adin horretan, ez dute espazio horretan beren lekua dutenik sentitzen. DBH 3ko neskak, aldiz, ukitu egiten ditu gaiak, beraien bizipenetatik abiatzen direlako". Loiolaren aburuz, "oso esperientzia positiboa" izan zen bizitakoa, baina "pena" bat badu. "Gure adineko mutilek bazuten gaiarekiko interesa, eta hasieran animatu ziren, baina... Neskok badugu zer egin, baina mutilek ere...".

Astigarragak gaur egungo beren taldean jarri du arreta: "Bilerez-eta galdetu izan digute gelako mutilek. Batzuek badute jakinmina, eta ederra litzateke horiek taldera batzea". "Bai, eta ederra lizateke hainbat gairen inguruan zer pentsatzen duten jakitea ere", erantsi du Lapeirak. "Beraiei atera behar zaie lehen pausoa ematea, ordea", esan du Loiolak.