Teloiaren atzean

Uztarria.eus 2019ko urt. 30a, 16:22
Erika Olaizola eta Gurutze Eizmendi.

Hainbeste alditan antzeztutako pertsonaien larruak erantzi, eta teloiaren atzean gordetzen dena azaleratu zuten Gurutze Eizmendik eta Erika Olaizolak, Ihintza Elustondo kazetariak 2019ko urtarrileko Uztarria aldizkarirako egin zien elkarrizketa honetan.

Gurutze Eizmendi (Azkoitia, 1968) batetik, eta Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) bestetik. Ama eta alaba, parez pare. Batetik bestera, 21 urteko aldea besterik ez. Berdinak dira ia fisikoki. Bera dute afizioa. Eta hala ere, berdinetik baino ezberdinetik gehiago dutela diote.

Amak "hoztasun" puntu bat duela dio Olaizolak. Eizmendik, berriz, alabak gertaerak nahiz sentipenak aztertzeko duen joera nabarmendu du. "Agian, gehiegi aztertzen ditu gauzak", dio amak. "Edo zuk gutxiegi", alabak.

Badira urte batzuk ez direla elkarrekin bizi, baina horrek ez du guztiz eten behin biak lotu zituen zilbor hestea. Ezin jakin elkarrizketa honek eragina izan duen edo ez, baina hitzorduaren bezperan, etxekoekin egoteko gogoa sartu, eta gurasoenean pasatu zuen gaua Olaizolak. "Sinesten dut ezer ez dela kasualitatea".

Nondik datorkizue antzerkirako harra?

Erika Olaizola: Lotsagabetasuna txikitatik dakarkit, jendearen aurrean egoteko zaletasuna. Antzeztu, kantatu, bertsoak asmatu... Denetarik egiten nuen. Taberna izan genuen Errezilen, eta umetako bideoetan ikusten da erratzaren pala hartuta nola aritzen nintzen kantuan. Hara joaten ziren gizon baserritarrak izan ziren nire lehen publikoa. Bazegoen zerbait oso naturala nire barruan, nahiz eta ez nion formarik ematen. Gero ulertzen dituzu gauzak.

Gurutze Eizmendi: 4 urterako artista txiki bat zen Erika. Ni, berriz, oso berandu hasi nintzen. Gurasoen antzerki tailer batean izena eman nuen 25 bat urterekin, eta gustatu egin zitzaidan. Pentsatzen dut, agian, lehendik izango nuela barruan zerbait, baina umea nintzela nire parean ez zen tokatu antzerki tailerrik.

E.O.: Nik txikitatik ikusi dut ama antzerkia egiten; Lakrikun taldeari jarraipen handia egin nion. Gainera, pila bat gustatzen zitzaidan saltsa hori dena, eta ahal nuen obra denetara joaten nintzen. Hori bizi izanaren oroitzapenak dauzkat. Elkarrizketa hau egiteko proposamena jaso nuenean [hunkituta], sekulako ilusioa egin zidan; izan ere, amari esker nago gaur nagoen lekuan. Atzera begiratzen dudanean, konturatzen naiz amak sekulako papera izan duela, txikitatik erakutsi eta transmititu didalako antzerki amateurrak daukan izpiritu hori, agian beste modu batera jasoko ez nuena. Orain dela gutxi hartu dut horren kontzientzia.

Ez al zinen lotsatzen ama agertokiaren gainean ikusten zenuenean?

E.O.: Alderantziz. Oso harro sentitzen nintzen eta harro sentitzen naiz oraindik. Hori izan da nire lehen inspirazioa: ama antzezten ikustea.

Noiz hasi zinen zu ere antzerkia praktikatzen?

E.O.: Ikastolako antzerki tailerrean aritu nintzen umetatik; ama ere izan nuen irakasle. 18 urte egin eta gero, ez nekien antzerkia ikastea zegoenik ere, edo momentu horretan ez nuen aukera hori planteatu. Denak bezala, zerbait egitera joan nintzen, eta errealizazioa ikasi nuen. Ikasketak bukatzean, Donostian Arte Eszenikoen Tailerra zegoela jakin nuen, eta izena eman nuen. Han ikasten ari nintzela, lehen antzezlan profesionalean parte hartu nuen, Vaiven konpainiaren Lotsagabe obran, duela zazpi urte. Ordutik gaur arte antzerkitik bizi naiz.

Eizmendi, pentsatzen al zenuen alabak zure bidea jarraituko zuela?

G.E.: Ez. Teatrera beti izan da, ikusten zitzaion bazekarkiela gaitasun hori, baina ez dago jakiterik. Dena den, zer ikasi erabaki behar zuenean, ez zuen bere burua leku itxi batean lanean ikusten, sortzen baizik. Eta beti transmititu du konfiantza; jakin du mugitzen, sortzea tokatzen denean sortzen, aukerak aprobetxatzen... Bere bidea zein zen argi zuen, eta hala ari da egiten. Aurrera egiten dakien horietakoa da.

E.O.: Egia esan, oso eskertuta nago amari eta aitari. Inoiz ez didate oztoporik jarri edo esan "hobe duzu hau egitea badaezpada". Sekula ez. Beti egin dudan aukeran konfiantza jarri dute. Beti.

Zer du antzerkiak harrapatzen duena?

G.E.: Nahiz eta emanaldia hasterako urduri egon eta zalantza asko izan, egiten duzunean jasotzen duzuna ederra da. Ikusten duzu jendeak ondo pasatu duela, txalo jo dizula, eta pentsatzen duzu: "Begira zer konexio dugun; hau ezin da galdu". Uste dut horrek harrapatzen duela.

E.O.: Zer, nola eta nori kontatu nahi diozun aukeratzea sekulakoa da. Eta hori kontatzen duzuna zeu bazara, pertsonaia zure egiten duzu, pertsonaia horri zuk ematen diozu eta berak zuri... Hor sortzen den magia izugarria da. Sekulakoa da une jakin horretan publikoarekin sortzen den harremana. Baina, askotan, aktore bezala esaten duzu: "Zergatik egiten dugu hau?". Ofizio honen txanponaren bi aldeak ari naiz deskubritzen, bere argiak eta itzalak. Eta egia da batzuetan errekonozimendu baten bila ari garela, eta horren kontzientzia hartzen duzu. Horrek atzetik gabezia bat du. Batzuetan, agian, baltsamo bat da hau, ikusi nahi ez dudan zauri bat estaltzeko balio duena. Izan ere, aldi berean, bakardade handia daukazu; egon zaitezke jende askoren aurrean, baina gero etxera joandakoan bakardade hori benetan sakon sentitzen duzu batzuetan. Horregatik, baltsamo ere bilakatzen dira txalo horiek. Ego asko mugitzen den ofizio bat da. Baina, era berean, hortik elikatzen gara. Horregatik, terapiak asko laguntzen dit niri, une oro kontzientzia hartzen joateko eta guzti horretatik lur hartzeko.

Ibilbide oparoa duzue bi aktoreok, nahiz eta oso bide ezberdinak jarraitu dituzuen. Olaizola modu profesionalean ari da lanean azken urteotan, eta Eizmendik bide amateurra jarraitu du. Eizmendi, zu Lakrikuneko kide zara. Zertan da egun taldea?

G.E.: Egun, hiru aktorek osatzen dugu taldea: Alaitz Olaizolak, Idoia Urangak eta nik. Maiatzean agurtu genuen Greban gaude obra, eta orain Prest gaude! eta Non gaude? lanekin ari gara. Pixka bat zaharkituta gelditu zen Greban gaude, eta horrenbeste emanaldi eta gero, obrak bukaera bat behar zuela sentitu genuen. Orain, beti esaten dugu laugarren bat etorriko dela; nik uste dut etorriko dela.

Olaizola, berriz, hainbat antzezlanetan aritu zara; Francoren bilobari gutuna eta Euskal Antzerki Topaketetan ikusleen saria jaso berri duen Lur obretan, besteak beste. Zer nolako esperientziak izan dira horiek?

E.O.: Francoren bilobari gutunarekin aspaldiko amets bat bete nuen, nire erreferente izan direnekin parez pare lan egiteko aukera izan nuelako. Euskal Herrian 60 emanaldiko bira egin genuen, eta oso bizipen indartsua izan zen. Baina, batez ere, sekulako eskola izan zen, pila bat ikasi nuen. Bestalde, Lur askoz ere goxoagoa izan da. Egia esan, Francoren bilobari gutunaren ostean, pila bat eskertu dut Lurrek eman didan goxotasuna. Oso berezia da niretzat Lur, zentzu guztietan. Publiko guztiari ari zaio iristen, eta hori ederra ari da izaten.

Obra ezagunenak horiek izan arren, Kamikaz kolektiboarekin beste hainbat lan egindakoa zara.

E.O.: Kamikaz kolektiboa 2014an sortu genuen, Miren Gaztañagak, Amancay Gaztañagak eta hirurok. Ordutik proiektu batzuk sortu ditugu, eta horietako bat izan zen Zulo film laburra. Gehituren bidez enkarguz jasotako lan batekin gabiltza orain: Käffka izena du, eta nerabeen artean lesbianismoa ikusaraztea du helburu [urtarrilaren 27an estreinatuko zuten, Bilbon]. Horrez gain, beste ideia batzuk baditugu buruan.

Goenkalen ere ateratakoak zarete biok. Nola gogoratzen duzue esperientzia?

G.E.: Nik duela hamar urte parte hartu nuen telesailean, lau hilabetez. Desberdina da telebistaren mundua, dena oso azkar joaten baita. Gutxiago goxatzen duzu pertsonaia antzerkian baino. Baina, aldi berean, esperientziarekin gustura gelditu nintzen, positiboa da mundu hori ezagutzea.

E.O.: Azkenean, gauza onak ateratzen dituzu bizipen hartatik. Gaur egun nire bizitzan presente dauden lagun on batzuk ezagutu nituen Goenkaleri esker, eta hori hor gelditzen da. Baina, bestalde, telebistan askotan txurroak egiten ariko balira bezala egiten da lan. Goenkalen nire sentipena bazen oso alper bilaka zaitezkeela; izan ere, dinamika batean sartzen zara, eta gutxieneko bat eginda baleko emaitza batera irits zaitezke. Oso azkarra eta gutxi mimatutako zerbait da telebista, hotza. Gaur egungo telebistaren egoerak pena ematen dit, ze uste dut badagoela talentua; jendea gogotsu dago gauza berriak egiteko, baina apustu egitea falta da. Zer da telebista? Go!azen? Gustura egingo genuke telebistan lan, eta ez dago baldintzarik, ez produkturik, ez aukerarik... Pixka bat haserre nago gai horrekiko.

Pantaila handian ere agertu zara, Olaizola; besteak, beste, Los tontos y los estupidos eta Oreina filmetan. Zer nolako esperientzia bizi izan duzu zineman?

E.O.: Esperientzia ederra bizi izan dut zineman. Egia esan, oso pozik nago bi film horien parte naizelako. Bietan pertsonaia txikiak izan ditut, baina politak, eta konektatu dut istorioarekin, lantaldearekin nahiz zuzendariarekin. Oso bereziak izan dira niretzat bi esperientzia horiek. Gero eta gehiago gustatzen zait zineman lan egitea.

Ama ere hasi da mundu horretan murgiltzen; Korosagasti filmeko aktoreetako bat zara, Eizmendi. Zer moduz ari zara moldatzen?

G.E.: Gustura nabil. Grabaketa batzuk egin ditut, eta ondo ari garela diote. Ni, behintzat, pozik ari naiz nire pertsonaia antzezten. Jazintaren rola jokatzen dut, Korosagastiko krimena gertatzean bizirik gelditzen den alabetako batena.

Olaizola, aktorea zara lanbidez; horretatik bizi zara. Eizmendi, zu saiatu al zara inoiz gauza bera egiten?

G.E.: Ez. Guk antzerki amateurra egin dugu. Gutako bakoitzak beti bere bidea egin du antzerkiaz aparte. Guk beste era batera egin dugu lan, lasaiago edo; izan ere, antzerkitik bizitzeko astebururo emanaldiren bat izan behar duzu, eta hori gaur egun zaila da.

Olaizola, zuk afizioa ofizio bilakatzea lortu duzu.

E.O.: Ez nuen egun batean erabaki mundu honetatik bizi nahi nuela. Duela zazpi urteko lehen antzezlan hartatik, mugimendua egon da; gauza batek bestera eraman nau, eta badaramatzat urte batzuk honetatik bizitzen, baina zerbait inkontzientea izan da. Eta azken boladan, zera pentsatzen dut: "Hau da nik egin dudan apustua". Badago zerbait esaten didana honetarako jaio naizela. Zerbaitek oso entxufatuta sentiarazten nau. Ederra da forma asko eduki ditzakeela ofizio honek: irakasle nahiz aktore izan zaitezke, besteentzako lan egin dezakezu, zineman papertxo bat... Eta hori gauza ederra da.

Dena ez da hain polita izango.

E.O.: Batzuetan beldurrak etortzen zaizkit, noski. Izan ere, aurrera begiratzen dut, eta konturatzen naiz nire karta guztiak hemen daudela. Ni ez naiz irakaslea edo beste zerbait badaezpada, ni hau naiz, eta hau da nire apustua ehuneko ehunean. Horregatik, oso aurrera begiratzen badut, batzuetan bertigoa sentitzen dut, ez dakidalako nire bizitzak zer norabide hartuko duen. Beraz, etorkizun motzean bizi naiz, ahalik eta presenteen bizitzen saiatzen naiz. Egia esan, ez dakit beste era batera bizi ahalko nintzatekeen. Niri orain soldata finkodun bestelako lan bat eskainiz gero, ez ninduke asetuko; hori ez da nirea. Beti malabareak egiten bizi naiz, baina saiatzen naiz kexak edo frustrazioak gailendu ez daitezen.

Askoz erantzun negatiboagoak eman ohi dituzte kulturatik bizi diren gehienek.

E.O.: Agian, bihar beste modu batera erantzungo nuke galdera bera, baina gaur, horrela pentsatzen dut. Dena den, gai batzuekin sortzen zait kezka: amatasunarekin, esaterako. Pentsatzen dut: "Ama izateko erabakia hartzen badut, zer gertatuko da nire lanarekin?". Nire kezka izan daiteke, ama izaten banaiz, zerbaiti uko egin beharko diodala. Agian hori ere sineskeria bat da, eta saiatu behar dut ez pentsatzen horrela izango dela. Nik alaba bezala sentitu izan dut, amak zerbaiti uko egin behar izan ziola, ni jaio nintzelako. Batzuetan sentitu dut goizegi etorri nintzela. Amaren ametsak zapuztu izanaren sentipena izan dut, kulpa sentipena.

G.E.: Nik hori behin ere ez dut pentsatu. Agian ez banintz ama hain garaiz izan, beste bide bat hartuko nukeen, baina ez daukat zerbait laga izanaren penarik. Berandu etorri da, baina izan dut nire aukera, eta oraindik badaukat denbora nire gustuko gauzak egiteko eta disfrutatzeko.

Zer miresten duzue elkarrengandik?

E.O.: Ama bezala, niretzat izugarria da, beti hor egon delako. Edozer gauza duzula, beti: "Ama!". Eta ama beti hor. Duela gutxi gaixotu eta bere etxera joan nintzen, eta zer egiten duen ama batek bere alabarengatik! Ez dakit ni horretarako gai izango ote nintzatekeen. Hori pila bat miresten dut.

G.E.: Hori sortu egiten da.

Eta zuk Eizmendi, zer miresten duzu alabarengandik?

G.E.: Ikusten dut oso lagunen laguna dela, oso garbia dela. Badakit bere lagunei ez diela inoiz huts egingo. Laguntasun hori oso barneratuta dauka, eta hori mirestu egiten dut. Izan ere, askotan ez gara hain garbiak izaten. Beti doa aurpegia emanda bizitzan, lagunekin, etxean... Hori asko miresten dut. Eta antzezle bezala, gozatu egiten dut berari begira. Beti jakiten dut ondo egingo duela. Batzuek esaten dute: "Lasai egoten al zara alabari begira? Ez al duzu ondo egingo ote duen kezka izaten?". Batzuk urduri egoten dira, deskuidatu egingo ote den kezkaz. Baina nik badakit Erika deskuidatzen bada ere distira egingo duela.

Elkarrizketa hau antzerkia balitz, zer roletan jarriko zenukete elkar?

E.O.: Emakume hauskor eta sentibera baten rolean jarriko nuke ama, ezetz esaten dakien emakume baten azalean. Amaren biguntasuna eta goxotasuna aterako lukeen pertsonaia bat aukeratuko nuke.

G.E.: Nik bakarrizketa bat egiten ikusten dut Erika. Berak bizi dituen gauzak azaltzen, berak sentitzen dituenak, barruan dauzkanak... Iruditzen zait bakarrizketa polita egingo lukeela. Ordubeteko bakarrizketa indartsu bat izango litzateke.

E.O.: Noiz edo noiz pentsatu izan dut halako zerbait egitea. Ezer ez da kasualitatea, eta agian, elkarrizketa honetatik bakarrizketa bat aterako da, amari eskainiko diodana. Aitari ere musu bat bidali nahi diot, aita ere oso garrantzitsua delako. Badakit oso harro egoten dela nik egiten dudana ikusten. Aita agian bigarren plano batean egon da, baina berarengandik ere asko elikatu naiz. Eta ahizparengandik ere bai.

Motzean

Film bat?

G.E.: E.T., el extraterrestre.

E.O.: Pesadilla antes de Navidad.

Antzezlanik gustukoena?

G.E.: Xake Produkzioak konpainiaren Lur.

E.O.: Dejabu Panpin Laborategiaren Gure bide galduak.

Ametsik baduzu?

G.E.: Ametsetan segitzea, bizirik nagoen seinale.

E.O.: Ametsak egi bihurtzea.

Zerk beldurtzen zaitu?

G.E.: Ingurukoen heriotzak.

E.O.: Amatasunak nire lanean eragin dezakeenak.

Zerk pozten dizu eguna?

G.E.: Gosari eder batek.

E.O.: Igorren "egun on" mezuak.

Eta zerk garrazten dizu?

G.E.: Goizetan hartzen dudan limoi zukuak.

E.O.: Neure garraztasun propioak.

Aktore bat?

G.E.: Meryl Streep.

E.O.: Cristoph Waltz.

Abestirik gogokoena?

G.E.: Yanniren edozein.

E.O.: Queen taldearen Bohemian Rhapsody.

Obra batengatik inoiz egingo ez zenukeen zerbait?

G.E.: Biluztu.

E.O.: Neure mugetatik haratagoko ezer ez nuke egingo.