Elkarrekin hezi

Uztarria.eus | Hezkuntza
2019ko urt. 29a, 10:56

Azpeitia Herri Hezitzailea izan dadin hausnartzen aritu dira herriko dozenaka eragile. Ondorioztatu dute taldeen jardunak eragina duela heziketan. Maialen Etxaniz kazetariak honako erreportaje hau egin du 2019ko urtarrileko Uztarria aldizkarirako.

Herri Hezitzailearen talde eragileko hainbat lagun.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Nolakoa da Euskal Herrian dagoen eta hezitzailea den herri bat? Zein balio ditu oinarrian? Oinherri Euskal Herriko Herri Hezitzaileen Sareak zehaztu ditu galdera horien erantzunak, eta gaur egun herriz herri dabil bere ideiak zabaltzen. Oinherrik zapaldu dituen geltokien artean dago Azpeitia. Eragile horren arabera, Euskal Herriko Herri Hezitzaile batek oinarrian ditu aniztasuna, euskara, parekidetasuna, zaintza, parte-hartzea, elkarlana, auzolana, komunitate sentimendua eta herriko kultur nahiz ingurumen ondarearekiko zaintza eta babesa. Zoru horren gainean lan eginda lortzen da Herri Hezitzailearen izaera. Baina, ba al dakigu zein balore sustatzen diren Azpeitian? Galdera hori erantzuteaz arduratu dira herriko hezkuntza eragileak eta Azpeitiko Herri Hezitzailearen talde motorra azken hilabeteotan. Talde eragileko kidea da Maite Azpiazu (Azpeitia, 1983).

Herri Hezitzaileraren egitasmoak iaz egin zituen lehen urratsak Azpeitian, herriko hainbat eragilerekin egindako jardunaldi batean, hain zuzen. Saio hura izan zen egitasmoaren abiapuntua. "Oinherriren filosofia zein den herriratzeko asmotan, jardunaldi irekiak egin genituen Sanagustin kulturgunean. Bertan, gure aburuz hezitzaileak diren taldeetako kideek beren esperientziak azaldu zituzten herritarren aurrean. Aurkezpenak  amaitzean, agerian gelditu zen Azpeitiko eragileek sustatzen dituzten balioak identifikatzeko beharra", kontatu du Azpiazuk. Behar horretatik abiatuta, hezkuntza eragileen balioen inguruko diagnostiko bat osatzen aritu da egitasmoaren talde motorra urte osoan zehar.

Diagnostikoa osatzeko hiru lan eremu aztertu dituztela azaldu du Azpiazuk: hezkuntza arautua zein ez arautua, Udala ­­–bertan lan egiten duten teknikoak eta zinegotziak– eta herrigintzan aritzen diren elkarte zein eragileak. Hark azaldu duenez, metodologi ezberdinak erabili dituzte hiru eremu horietan nagusitzen diren balioak identifikatzeko. "Herrigintzako eta hezkuntzako eragileen jarduna aztertzeko galdetegi bat prestatu genuen, Elhuyar aholkularitza zerbitzuaren laguntzaz. Galdetegiaren gainean ekarpenak egiteko tartea eskaini genien eragileei, eta aldaketak egin ostean, adostutako behin-betiko galdetegia erantzun zuten. Orotara, 81 galdetegi banatu genituen eragileen artean, eta horietatik 52 jaso genituen beteta", azaldu du Azpiazuk. Udalaren diagnostikoa elkarrizketa bidez egin dute. Hau da, Udaleko zinegotziei eta teknikariei egindako banakako elkarrizketak izan dira erakundeak sustatzen dituen balioak ezagutzeko iturriak.

Ekainera bitartean jasotako erantzunak laburtzeko txostenak prestatu zituen Herri Hezitzailearen talde eragileak, arloka. Behin txostenak eginda, jasotako datuak elkarbanatu zituzten Herri Hezitzailearen egitasmora batutako  eragileekin. Horretarako, kontraste saioak egin zituzten, arloz arlo.

Hausnarketaren emaitzak

Arlokako kontraste saioetan jasotako ondorioak elkarbanatzeko jardunaldi irekiak egin zituzten joan den abenduaren 1ean. Han plazaratu zituzten hilabeteetan zehar egindako azterketaren lehen ondorioak. Azpiazuren hitzetan, jardunaldiak nahiz kontraste saioak "parte-hartzaileak" izan ziren.

Diagnostikoaren arabera, herriko eragile gehienek honako balio hauek hartzen dituzte kontuan bereziki: herritarren parte-hartzea edo ahalduntzea, euskararen sustapena, parekidetasuna, aniztasuna eta integrazioa. Eragileen aburuz, Azpeitia "herri bizia" da, eta eragileek elkarren berri dute. Dena den, boluntarioen parte-hartzea jaisten ari da talde ia guztietan. Ondare kulturalak globalizazioaren eragina jaso duela uste dute herriko eragileek. Hala ere, euskarak babes soziala duela ondorioztatu du Herri Hezitzailearen diagnosiak. Horren arrazoietako bat euskara sustatzeko dauden baliabideak izan daitezkeela aipatu dute taldeek. Izan ere, "euskara indartzeko baliabideak eta egiturak" badaudela diote. Era berean, kultur ekintzen "saturazioa" identifikatu dute herriko eragileek, eta agenda bateratu baten beharra ere aipatu dute.

Galdetegia erantzun duten eragileen erdiek beren ekintzak antolatzean kontuan hartzen dute perekidetasuna. Dena den, diagnostikoak dio emakumeen parte-hartzea "baxua" dela kirol ekintzetan nahiz zuzendaritza organoetan, eta kirol klubetan egiten den heziketa lanaren kontzientzia oso baxua dela. Kluben artean elkarlana falta dela ondorioztatu dute kirol taldeek, baina positiboki nabarmendu dute lanerako boluntario asko daudela elkarteetan.

Emakumeen Txokoa adin zein jatorri ezberdinetako emakumeengana iristen da Herri Hezitzaileen ondorioetan jaso dutenez. Parekidetasuna sustatzeko aurrekontua asko hazi da azken urteetan, eta indarkeria matxistaren inguruan herritarrek kontzientzia hartu dutela uste dute eragileek.

Herri Hezitzaileen talde eragileak udalaren "prestatutasuna" azpimarratu du: "Erakundeak jarritako baliabiderik gabe ez zen posible izango gauzatu dugun azterketa egitea".

Eta orain, zer?

Taldeetan zein balio sustatzen diren ezagututa, herri hezitzailea izatera bidean egin beharreko urratsak eta erronkak zehaztu dituzte dagoeneko. Arloz arlo, hainbat erronka identifikatu dituzte. Euskarari dagokionez, euskara ez dakitenak eta jatorri desberdinetakoak diren lagunak euskarara hurbiltzea eta belaunaldi berriei euskararen garrantziaren kontzientzia transmititzea jarri dute erronka gisa.

Parekidetasunean eta zaintzan, aldiz, helburu moduan jarri dute Emakumeen Mahaiak eta herriko eragileek elkarlan iraunkorra izatea, baita eragileak perekidetasunean janztea ere. Horretarako, parekidetasuna sustatzeko tresnak sortu nahi dituzte, eta horiek herritarren eskura jarri. Horren xedea da diskurtsotik praktikarako jauzia egiten laguntzea. Halaber, emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute kirol arloan.

Kultur arloan beste erronka batzuk zehaztu dituzte. Esaterako, kultur dinamikan jatorri desberdinetako pertsonen partaidetza sustatu nahi dute. Era berean, belaunaldi berriekin loturak egitea eta agenda bateratua osa-tzea dira ezarritako erronkak. Erreferentzialtasuna eta komunikazioa lantzea ere garrantzizkoak direla uste dute herriko kultur taldeek. Kirol klubetan, berriz, elkarlana eta inklusibitatea lantzea –jatorria edota aniztasun funtzionala–  dute xede. Gainera, nahi dutena da kirol kluben arteko elkarlana lantzea eta eskola kirolean sortzen diren zailtasunak eta desorekak gainditzea.

Azpiazuk azpimarratu du diagnostikoa egitearen alde positiboena eragileak hausnarketara gonbidatu izana dela: "Taldeetako kideek sarritan aipatu digute inoiz ez dutela pentsatu beren jardunarekin heziketa eredu bat sustatzen dutenik. Egiten den gauza bakoitza, izan kirolean, izan hezkuntzan, izan kulturan, tresna bat da balio batzuk edo beste batzuk sustatzeko. Horregatik, oso aberasgarria izan da herritarrak pentsatzen jartzea eta elkarrekin ondorioak ateratzea".

"Denok antzerako balioak sustatu nahi ditugula ondorioztatu dugu orain arte egindako urratsekin, eta zehaztutako balio horiek bat datoz Herri Hezitzaileak barnebiltzen dituenekin. Eragileak saretuz gero eta elkarrekin lan eginez gero, indarrak biderkatuko ditugu Azpeitia herri hezitzailea izateko bidean".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu