21. Korrika

Korrika antolatzeko lehen bilera deitu dute datorren asteazkenerako

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 17:50
2017ko Korrika Azpeititik pasatu zen uneko irudi bat.

20:00etarako jarri dute hitzordua Sindikatu Zaharrean, eta besteak beste, Korrikaren inguruko informazioa emango dute eta datozen asteetarako egitekoak banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete batzordearen sustatzaileek. 21. Korrika apirilaren 12an igaroko da Azpeitik; egitasmoa herrira 09:34 aldean iristea dago aurreikusita.

21. Korrika antolatzen hasteko lehen batzordea egingo dute datorren asteazkenean, hilaren 30ean. 20:00etarako jarri dute hitzordua Sindikatu Zaharrean, eta besteak beste, Korrikaren inguruko informazioa emango dute eta datozen asteetarako egitekoak banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. Gainera, herritarrek ekintzak proposatzeko aukera ere izango dute. Batzordearen deitzaileek bilerara bertaratzeko eta Korrikaren bueltako lanetan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei. "Ekarpena txikia bada ere, norberak erabakiko du Korrikan parte nola hartu; horregatik, lehen bilera honetara konpromisorik gabe etor zaitezkete, informazioa jasotzera edo ekarpenak egitera", azaldu dute.

Apirilaren 12an, ostiralez, pasatuko da Korrika Azpeititik; 09:34 da egitasmoa herrira iristeko aurreikusitako ordua. Elgoibar aldetik iritsiko da lekukoa, eta Azpeititik kostaldera joanda, arratsaldez Donostiara iritsiko da. Apirilaren 4an hasiko da euskararen aldeko festa erraldoia, Garesen (Nafarroa) eta Gasteizen amaituko da. 21. edizioa da aurtengoa, eta Klika da leloa: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea". Batzordearen deitzaileek uste dute azpeitiarrek ere ekarpen polita egin dezaketela Korrikaren aurtengo edizioan, eta horretarako dagoeneko lanean hastea "beharrezkoa" dela gogoratu dute.