Erromerien olatutik jaitsita, betirako bukatu du ibilbidea Erokomerik

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 14:06
Martin Altuna, Miren Cuerdo, Asier Aizpuru, Eider Iturralde, Josu Furundarena eta Unai Olaizola. (Erokomeri)

Bere jarduna amaitzea erabaki du Erokomerik, "komeriaz betetako erromeria eroak". Musika taldeko kideek 2018. urtea bukatzearekin batera eman zuten Erokomeriren amaieraren berri. Kontzertu ugari eta Izan diskoa zein bertan jasotako abestiak utzi ditu erromeria doinuetatik edan duen taldeak. Bizitakoa gogoan, esperientziaren balorazio "oso positiboa" egin dute Erokomeriko kideek. 

2014ko abenduan jaio zen Erokomeri musika taldea, unibertsitate giroan. Arrasateko ingeniaritzako ikasleen egunean jotzea helburu hartuta, entseatzeko txoko bila hasi ziren Erokomeri sortu zuten bost lagunak: Maialen Bastida (ahotsa), Asier Aizpuru (bateria) eta Martin Altuna (trikitia) azpeitiarrak eta Josu Furundarena usurbildarra eta Miren Cuerdo lasartearra. Lokalean orduak pasatu ostean, 2015eko maiatzean eskaini zuten lehen kontzertua talde gisa.

Handik aurrera dozenaka kontzertu eta emanaldi eskaini zituen Erokomerik, erromerien olatura igota. Orduan bost lagun ziren oholtzaz oholtza ibiltzen zirenak, baina denbora gutxira potoldu zen taldea, Unai Olaizola (gitarra) eta Eider Iturralde (panderoa) batu baitziren taldera. Proiektu berri gosez, grabaketa estudioan sartu eta Izan diskoa kaleratu zuten 2017ko Durangoko Azokarako. Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten beren aurreneko lana, hamar abestiz osatutakoa. Horietatik zortzi abestik dituzte hitzak, eta bost kolaboratzaileek egindakoak dira: idazleek, bertsolariek… Bi kanturen hitzak Ane Labaka Lasarteko bertsolariak egindakoak dira, beste bat Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarrak, Ekhiñe Eizagirre zarauztarraren poema bat da bestea eta Mikel Etxaburu ondarrutarrak idatzitako hitzak ere badaude Izan diskoan. Ahotsaren kasuan ere hainbat lagunek kolaboratu zuten Erokomeriren diskoan, hala nola Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. 

Denborak aurrera egin duen heinean, taldeari eskaintzeko denbora gutxiago eta elkartzeko zailtasun gehiago izan dituzte Erokomeriko kideek, eta azaldu dutenez, horrek izan du eraginik taldearen agurrean. Erokomeriko artistak atzera begira jarri dira ibilbidea gogoratzeko: "Duela bost urte inguru sortu genuen Erokomeri, ikasleak ginen garaian. Hiru urtez erromeriak egiten ibili ginen Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan; uda sasoian, batez ere. Orduan erabaki genuen diskoa grabatzea. Behin diskoa eginda, guk sortutako abestiekin osatutako emanaldia eraiki genuen. Hiru orduko zuzenekoak ematetik kontzertu arruntak eskaintzera pasatu ginen; hau da, ordubete inguruko emanaldiak ematera. Kontzertu eredua aldatzeak eragina izan zuen taldean".

Izan diskoak urtebete inguruko ibilbidea izan du, baina taldekideek azaldu dutenez, taldea "itzaltzen" joan da pixkanaka: "Gure motibazioak itzaltzen joan dira denborarekin, eta hori ikusita ibilbidea amaitzea erabaki dugu. Zazpi lagun gara taldean, eta zaila da guztiok elkartzea. Ikasketak amaituta, lanean hasi ginen asko, eta taldeari eskaintzeko denbora justukoa dugu".

Bizipenak nostalgiaz nahiz umorez gogoratzen dituzte, eta esperientziaren balorazio "oso positiboa" egiten dute Erokomeriko kideek: "Kontzertu ugari eskaintzeko aukera izan dugu urte hauetan guztietan, eta gaztetxe zein herri asko ezagutu ditugu taldeari esker. Ederra bezain aberasgarria izan da Erokomerik eman digun esperientzia".