Pixkanaka ontzen doa Urola Erdiko trikitiari aitortza egingo dion dokumentala

Uztarria.eus 2019ko urt. 24a, 15:41

Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak omenduko dituen dokumentala egiten ari dira Trikigiro kultur elkartea eta Kulturaz kooperatiba, 2018ko apirilaz geroztik. Lana ontzen doa pixkanaka, baita forma hartzen ere. Bailarako trikitilarien eta pandero jotzaileen bizipenak izango ditu ardatz ikus-entzunezkoak, eta adituen hausnarketek nahiz diseinu grafikoz osatutako bideoek jantziko dute lana. Bailarako trikitiak "euskal iruditeria kolektiboari" egindako ekarpenari balioa ematea da egitasmoaren helburua, baita gaiaren inguruko ikus-entzunezko materialaren artxiboa osatzea ere. Dokumentala sustatu duten lagunek nahiz lagundu dutenek azaroan eman zuten proiektuaren berri, eta orduz geroztik ikus-entzunezkoa grabatzen aritu dira bailarako nahiz Euskal Herriko hainbat txokotan. 

Dagoeneko ugari dira elkarrizketatu dituzte pertsonak, eta horien artean daude, esaterako, Tomas Soraluze Epelde, zendu berri den Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustina Aranbarri Epelarre zenaren alarguna, Angeles Aramendi Zendoia zenaren alarguna, Margari Aizpuru Otola zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer, Antonita Beristain Kandido Beristainen alaba, Joakin Sudupe Egurrola, Juan Ezenarro Berastegi, Jose Mari Iriondo, Juan Mari Beltran, Juan Mari Madariagako bizilaguna eta Laxaro Azkune. Oraindik hainbat elkarrizketa dituzte egiteko, eta horretan jardungo dute datozen hilabeteetan. Gainera, informazioa jasotzeko "ateak zabalik" dituztela azaldu dute Trikigiro elkarteko kideek: "Norbaitek guri eskaintzeko informazio baliagarria izango balu, gurekin harremanetan jartzea besterik ez du". 

Sortze prozesuan zehar egindako elkarrizketak baliatuz ikus-entzunezko artxibo bat sortuko dute, belaunaldien arteko trasnmisioa eten ez dadin. Hain zuzen, "bizirik dauden altxorrak" betirako gordetzea nahi dute Trikigiroko eta Kulturazeko kideek. Horretarako aprobetxatuko dituzte trikitilariei egindako "elkarrizketa luzeak eta sakonak".

Dokumentalaren aurrerapena, martxoan  

Dokumentalaren egileek ikus-entzunezkoa udazkenerako amaitu nahi dute, eta helburua lortzeko lanean jarraituko dute aurrerantzean. Dena den, trikitizaleek hemendik gutxira izango dute dokumentalaren lehen apurra dastatzeko parada. Izan ere, Trikigiroko kideek aurreratu dute Azpeitiko San Josetako Trikiti Jaialdian botako dutela sortzen ari diren dokumentalaren teaserra. Data zehatza jakinarazi ez duten arren, martxoan izango dela zehaztu dute.

(Argazkiak: Trikigiro kultur elkartea eta Kulturaz kooperatiba)