70-75 urte bitarteko herritarren beharrak ezagutzeko ikerketa egingo du Udalak

Uztarria.eus | Udala
2019ko urt. 23a, 17:08

Etxez etxeko bisitak egingo dituzte 70 eta 75 urte bitarteko herritarren egoera ekonomikoa, autonomia, zaintza maila eta etxebizitzen egoera ikertzeko. Udalak gutunak bidali ditu adinekoen etxeetara, eta datozen egunetan hasiko dira bisitekin. Aurrera begira, Gizarte Zerbitzuek eskainitako baliabideak "sendotzen" jarraitzeko asmoa du Udalak.

Azpeitiko Udaleko zinegotziak, azterketaren ardunadunak eta Baigera elkarteko kideak. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko adineko pertsonen egoera eta bizi kalitatea ezagutzeko eta hobetzeko asmoz, elkarlanean hasi ziren Azpeitiko Udala eta Baigera jubilatuen elkarteko kideak duela hiru urte. Lanketari ekiteko, esku orriak banatu zituzten herriko adineko pertsona guztien etxeetara, Gizarte Zerbitzuetan eskaintzen dituzten laguntzen berri emanez. Horren ostean, duela bi urte inguru, adin tarteka ikerketak egiten hasi zen Udala, Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan gabeko pertsonengana iristeko eta haien berri izateko. Lehenik, 80 urtetik gorako pertsonen azterketa egin zuten, eta, ondoren, 75 eta 80 urte artekoena. Orain, 70-75 urte bitarteko herritarren ikerketa egingo dute. 

Dagoeneko gutunak bidali dituzte etxeetara, eta etxez etxeko bisitak datozen egunetan hasiko direla aurreratu dute. Aurten, Saioa Alvarez teknikariak egingo ditu bisitak, eta iazko lagin bera erabiliko du. Etxeetara egindako bisitetan herritarrek zein egoera ekonomiko duten, zein autonomia duten, nola zainduta dauden eta horien etxebizitzen egoera zein den ikertuko dute, besteak beste. Era berean, Udalak dituen baliabideak ezagutaraziko dizkiete bisitatutako herritarre¡. Erakundeak dio iaztik "salto kualitatiboa" eman dela ikerketetan, adinekoen "aktibotasuna eta bakardade egoera" ere aztertzen dituztelako.

Egindako urratsak

Adinekoen beharrak ezagutzeko ikerketen sustatzailea izan da Baigera jubilatuen elkartea egitasmoa hasi zenetik. Elkarteko kideak "gustura" daude orain arte egin den lanarekin: "Beti pentsatu izan dugu jendeari asko kostatzen zaiola udaletxera eta Gizarte Zerbitzuetara jotzea. Egindako ikerketa hauekin, Udala joan da adineko pertsonen etxeetara, eta aurrerapauso handia eman dela uste dugu". Gainera, egiten ari diren ibilbidea "interesgarria" izaten ari dela uste dute.

Azterketa osatzeko 65-70 urte arteko herritarren beharrak ezagutzea falta zaio Udalari. Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak adierazi duenez, egiteko horri heltzeko konpromisoa hartu du erakundeak: "Udal honentzat lehentasunezkoa da herritarren babes soziala. Adinekoei arreta berezia eskaintzen ari gara azken urteetan, ikerketa hauek eginez eta euretan ateratako ondorioei erantzuteko baliabideak jarriz. Horren adibide dira 65 urtetik gorakoei zuzendutako dirulaguntza bereziak, Euskal Herrian beste inon ematen ez direnak". Halaber, lanean jarraituko dutela esan du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, "herritar ororen bizikalitatea hobetzea" delako Udalaren "helburu nagusia eta betebeharra".

Udalak adierazi duenez, azterketa horien helburua da erakundea adinekoen etxeetara joatea, haien beharrak ezagutzeko eta behar horien arabera dauden laguntzak eskaintzeko. Martxan jarriko duten azterketako datuak zenbatuta, 1.200 adinekorengana iritsiko da Udala. "Hori lorpen handia delakoan gaude, pertsona horiek Gizarte Zerbitzuekin harremanik ez zutelako izango ikerketa honegatik izan ez balitz", adierazi du Elduaienek. Udalaren datuen arabera, Azpeitian 70-75 urte bitarteko 852 lagun bizi dira, eta horietatik 183 lagunek Gizarte Zerbitzuekin harremana izan dute azken urteotan. 111 lagunek, 75 eta 80 urte bitarteko ikerketan hartu dute parte, beste adin tarte horietako pertsonaren batekin bizi direlako. Oraingoan, 70-75 urte bitarteko 551 pertsonengana –453 etxetara– joko du erakundeak.

Zerbitzuak eta baliabideak "sendotzen"

Azpeitiko Udalak 2019ko aurrekontuetan iaz baino diru partida handiagoa bideratu du adinekoei zuzendutako dirulaguntzetara, eta modu horretan dirulaguntzak "sendotu" dituztela esan du Aitor Bereziartua zinegotziak. Horrez gain, esku artean beste hainbat proiektu dituztela aurreratu du: "Aurreratu nahi dugu hilabete batzuen buruan eguneko arreta zerbitzu berri bat jartzekoak garela, eta beste hainbat baliabide berri eskaintzea ere aztertzen ari garela".

Bi aste barru "adinekoen bakardadeari nola aurre egin aztertzeko" jardunaldi bat eskainiko dutela ere aurreratu du Udalak. Jardunaldi hori Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean eskainiko dute. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu