Azpeitiko harribitxietako bat, ateak irekitzeko prest

Uztarria.eus 2019ko urt. 24a, 12:05
Basazabal eraikina artxiboko irudi batean.

XIV. eta XV. mendeen artean egindako Basazabal jauregiarentzat izan da proiekturik azken 30 bat urtean. Kultur etxearen proiektua eskuen artean izan zuten udaleko ordezkariek bere garaian, baita hotel bat egokitzekoa ere. Ez bata ez bestea, ordea. 2014an heldu zion Udalak Basazabalen gaiari berriro, eta bihar zabalduko ditu ateak berritutako eta egokitutako eraikinak. Turismo eta formazio zerbitzuak eskainiko dituzte bertan.

Gipuzkoako herrietan Erdi Aroko jauregi ugari aurki daitezke, eta horietako gehienak babestuta eraikinak dira, duten interes artistikoagatik eta historikoagatik. Badira, ordea, izaera zibila duten erakinak ere; gutxi dira, baina horietako bat da Azpeitiko Alde Zaharrean –Enparan kalean– kokatuta dagoen Basazabal. XIV. eta XV. mendeen artean egin zuten eraikin errenazentista, eta etxebizitza gisa erabili izan zen hainbat eta hainbat urtetan. Han bizi izan zen lehen familiatik dator eraikinaren izena; hain zuzen ere, Basozabal familiatik. Ondoren, beste hainbat familia noble eta aberats bizi izan zen bertan.

1964. urtean eraikina Historia eta Arte intereseko monumentu izendatu zuen Espainiako Kultura Ministerioak, eta handik hogei urtera, kultur ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Eraikina zaharkitu egin zen urteen ondorioz, eta 1990. urtean erosi zuen Azpetiko Udalak Basazabal jauregia. 

Hainbat proiektu

Azken 30 bat urtetan hainbat proiektu proposatu dituzte Basazabalerako. 80ko hamarkadatik 2007ra artean, kultur etxea egiteko proposamena izan zen mahaiaren gainean. Dena den, 2007ko martxoan Udalak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzari eraikina erostekoa zela. Urte hartako maiatzaren 3ko udalbatzarrean, berriz, erakundeak onartu zuen Basazabal hotel bihurtzeko alokairurako oinarriak-eta argitaratzea. Hotela egiteko proiektuak jasotzeko epea ere zabaldu zuten, baina sekula ez zen gauzatu egitasmoa.

Hotelaren proiektua garatzen hasi aurretik, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987 Kultur Ekipamenduen Programaren arabera, Basazabal jauregian kultur etxea ireki behar zuten, herrian sakabanatuta zeuden kultur taldeak han elkartzeko eta horien arteko elkarlana sustatzeko. Azpeitiko Udalak, gainera, onartu egin zuen proposamen hura, eta Basazabalen kultur etxea zabaltzea aurreikusi zuen 1986an. Erakundeak 50 milioi pezetako –300.000 euro– inbertsioa egin zuen Basazabal berritzeko, baina ez zituzten bukatu eraikina berritzeko lanak eta ez zuten kultur etxea ireki.

1999an berrartu zuten gaia, eta Uztarria Kultur Koordinakundeak kultur azpiegiturei buruzko txostena aurkeztu zuen urte hartako martxoaren 20an. Txosten hartan herriak zuen kultur etxearen beharra azpimarratzen zuen Uztarriak, eta proposamen zehatz bat ere egin zuen: Basazabalen kultur etxea irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987 Kultur Ekipamenduen Programan jasotakoa beteta. Kultur etxea izango zen eraikinaren funtzionamendua eta izaera ere proposatu zituen Uztarriak txosten hartan.

Udala urte hartan bertan hasi zen Basazabalen eraberritzeari berrekiteko diru multzoa aurrekontuetan sartzen. Erakundeak, gainera, konpromisoa hartu zuen Basazabalen obrak egiteko eta eraikina kulturarako erabiltzeko. 2000. urtean, IKEI enpresak beharrei eta kultur azpiegiturei buruzko azterketa egin zuen Udalak eskatuta, eta haren emaitza izan zen Azpeitiko kultur mugimenduak kultur etxea behar zuela. Dena den, Udalak bertan behera utzi zuen Basazabaleko proiektua, eta 2004an Soreasu eraikinaren proiektua aurkeztu zuen.

Irekitzear dira

Azpeitiko Udalak 2014an heldu zion berriro Basazabalen gaiari. Hain zuzen ere, azterketa egin zuen eraikinari zer erabilera eman erabakitzeko. Babestutako eraikina denez, hainbat proiektu bertan behera utzi behar izan zituen erakundeak, eta eraikina birgaitzea erdietsi zuen. 2016an, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko dirulaguntza eman zion Udalari Basazabal eraikina berritu eta hari erabilera berria emateko, eta urte bereko ekainean hasi ziren jauregia berritzen –eraikina birgaitu zutela 35 urte ziren, eta kalte nabarmenak zituen–. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagundu du proiektua –200.000 euro bideratu ditu Kultura Sailak–, eta 642.000 euroko aurrekontuaren gainerako zatia Azpeitiko Udalak ordaindu du.

Orain, 40 urtez itxita egon ostean, turismo eta formazio alorretako zerbitzuak eskainiko dituzte bertan. Lau solairu ditu Basazabal eraikinak, eta beheko solairuan turismo bulegoa zabalduko dute. Goiko solairuetan, berriz, erabilera anitzeko gelak egokitu dituzte: liburutegia, ikastaroak egiteko guneak, ekitaldietarako aretoa... Babestutako eraikin gisa aitortuta dago jauregia, eta horregatik, etxearen egitura mantendu eta "eraikinaren filosofiarekin bat egiten duten gela anitzak" eraiki dituzte bertan. Obren luzapenak tarteko, behin baino gehiagotan atzeratu du Azpeitiko Udalak Basazabal jauregia zabaltzeko epea, baina azkenean, ostiralean inauguratuko du, 19:00etan hasita.