Ostiralean inauguratuko dute Basazabal jauregia

Uztarria.eus 2019ko urt. 22a, 13:00
Basozabal jauregia.

19:00etan inauguratuko dute eraikina. Eraberritze prozesua bukatuta, turismo eta formazio alorretako zerbitzuak eskainiko dituzte bertan. Asteburuan, ate irekiak egingo dituzte jauregian.

Obren luzapenak tarteko, behin baino gehiagotan atzeratu du Azpeitiko Udalak Basazabal jauregia zabaltzeko epea, baina azkenean, eraikinak badu irekiera data: datorren ostiralean, urtarrilak 25, inauguratuko dute, 19:00etan hasita. Babestutako ondare historiko bezala katalogatua dago XV. mendeko eraikina, eta 40 urtez itxita izan eta eraberritu ostean, turismo eta formazio alorretako zerbitzuak eskainiko dituzte bertan.

Eraikina inauguratu ostean, asteburuan, ate irekiak egingo dituzte jauregian, edonork ikusi ahal izan dezan. Larunbatean, 09:00tatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da eraikina bisitatzeko aukera, eta igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Lau solairu

Lau solairu ditu Basazabal eraikinak. Beheko solairuan turismo bulegoa zabalduko dute, eta goiko solairuetan, erabilera anitzeko gelak: liburutegia, ikastaroak egiteko guneak, ekitaldietarako aretoa... Babestutako eraikin gisa aitortuta dago jauregia, eta horregatik, etxearen egitura mantendu eta "eraikinaren filosofiarekin bat egiten duten gela anitzak" eraiki dituzte bertan.

2016an, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko diru-laguntza eman zion Udalari Basazabal eraikina berritu eta erabilera berria emateko, eta urte bereko ekainean hasi ziren jauregia berritzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagundu du proiektua.