Xabier Orbegozo: "Aurtengo urtea igarotakoan erretiratu egingo naizela uste dut"

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 22a, 12:30
Xabier Orbegozo 'Arria V'.

Aizkora eta mendia uztartuta, marka saiakera berezia egingo du 'Arria V.'-ak, martxoaren 17an. Egun horretan, Azpeitia, Hernio eta Tolosa lotuko ditu kirolari errezildarrak. Bere kirol ibilbidea amaitu aurretik, proba hori egiteko "kapritxoa" du.

Xabier Orbegozo Arria V.ak marka saiakera iragarri du datorren martxoaren 17rako. Egun horretan, Azpeitia, Hernio eta Tolosa lotuko ditu kirolari errezildarrak, ez ohiko erronka pertsonalean. Izan ere, aizkoran ez ezik, mendian korrika egin beharko du errezildarrak.

Arriak Azpeitiko zezen plazan hasiko du erronka, 09:00etan. Han, hogei kana-erdiko moztuko ditu, eta ondoren, Errezilgo bidea hartuko du, Hernioko gurutzeraino igotzeko. Herniotik behera, berriz, Tolosarako bidea hartuko du; hango zezen plazan beste hogei kana-erdiko izango ditu zain aizkolariak, lanak bukatzeko. "Azpeitian eta Tolosan apustu handiak jokatu izan dira; biak dira plaza mitikoak. Horrez gain, Hernio mendian eta inguruan asko ibilitakoa naiz, eta hori guztia uztartu nahi izan dut oraingoan. Inoiz ez da halakorik egin, eta aurtengo neguan beste apusturik egin ez dudanez, zerbait berezia egin nahi nuen", adierazi dio Orbegozok UROLA KOSTAKO HITZAri.

Ostiralean aurkeztu zituen Arria V.ak erronkaren xehetasunak, Tolosako Kantabrikon. Orduan jakinarazi zuenez, laster bere kirol ibilbidea amaitzea aurreikusten du harri jasotzaileak, eta bukatu aurretik proba hori egiteko "kapritxoa" zuen errezildarrak. "42 urte beteko ditut laster, eta antzematen dut hemendik aurrera ezer gutxi izango dudala hobetzeko. Beraz, aurtengo urtea igarotakoan erretiratu egingo naizela uste dut", berretsi du. Horrez gain, zortzi hilabete iraungo dituen obrak hasiko dituzte Tolosako zezen plazan martxoan, eta lanek irauten duten bitartean itxita egongo da probarako hautatu duen lekua. "Beraz, orain egiten ez badut saiakera, ez dut inoiz egingo".

"Izugarrizko zailtasuna"

Guztira, 40 kana-erdiko moztu eta 26 bat kilometroko ibilbidea osatuko du errezildarrak marka saiakeran. Kirolaria jakitun da "izugarrizko zailtasuna" duela probak, baina erronka gauzatzeko ilusioarekin dagoela azpimarratu du. "Bost ordutan gorputzaren erritmoa mantentzea izango da gauzarik zailena, eta menditik jaitsi eta 20 kana-erdiko mozteak beldurra ere ematen dit", aitortu du. Erronka prestatzeko buru-belarri hasiko da orain lanean, eta astean sei egunetan, goiz eta arratsaldez egingo ditu entrenamenduak. "Batez ere barruan egingo ditut entrenamenduak, halako hotzekin ez duelako merezi mendira joanez arriskatzeak".

Arria V.a jakitun da eguraldiak erabat baldintza dezakeela martxoaren 17an egingo duen marka saiakera, baina horretarako ere prestatuko dela aurreratu du. "Proban zehar, neure buruari helburu zehatzak ezarriko dizkiot, eta horiek betetzen joango naiz hasieratik amaitu bitartean, halakoetan burua argi edukitzea izaten baita gakoa".

Egun horretan, egin beharreko lanak 5 ordu eta 10 minutu azpitik amaitzen baldin baditu, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko saria emango dio; denbora horretatik gora joaten baldin bada, berriz, saria 3.000 eurokoa izango da.