Orreaga 778 taldearen kontzertua izango da zapatuan Gaztetxean

Uztarria.eus 2019ko urt. 24a, 09:36

Asedio eta Cuero musika taldeekin elkarbanatuko du oholtza Orreaga 778k. Kontzertuak amaitzean Beba eta Aztakol arduratuko dira musika jartzeaz. 

Punk-oi! doinuen zaleek hitzordua dute datorren zapatuan, urtarrilak 26, Azpeitiko Gaztetxean. Izan ere, Orreaga 778, Asedio eta Cuero musika taldeen kontzertuak eskainiko dituzte, 20:30ean hasita. Orreaga 778k labetik atera berri duen Utrimque Roditur izeneko diskoa aurkeztuko du larunbatean, eta talde ezagunaren kantu berriez nahiz ezagunez gozatzeko aukera izango dute zuzenekora bertaratzen direnek. Gaztetxera iritsiko den beste musika talde bat da Asedio. Zapatuko hitzorduan Y rodaran cabezas diskoan jasotako abestiak eskainiko dituzte Bartzelonatik iritsiko diren musikariek. Bilboko Cuero taldea ere Gaztetxean izango da hilaren 26an, eta rock zein oi! doinuz jantzitako kontzertua eskainiko du. 

Kontzertuak amaitzean festak jarraituko du, eta Beba eta Aztakol arduratuko dira musika jartzeaz. Haiek ere punk eta oi! doinuz girotuko dute Gaztetxea.

Kontzertuetarako sarrera bost euro ordaindu beharko da.