Sansebastianak 2019

Hasi da danbor festa

Uztarria.eus 2019ko urt. 20a, 03:24

Azpeitia sansebastianetan murgildu da helduen danborradarekin. San Sebastian bezperako danbor erakustaldian bi milatik gora herritarrek parte hartu dute 27 taldetan banatuta. Arauntza elkarteko danbor taldeak omenaldi berezia jaso du udaletxean, San Sebastian bezperako helduen danborradan 50. aldiz irten duelako. Festak San Sebastian egunez jarraituko du, haurrak festako protagonista nagusi direla; 12:30ean aterako da haurren danborrada Aranetik eta Artzubiatik.

Azpeitia sansebastianetan murgildu da. Ohi bezala, helduen danborradarekin hasi da urteko aurreneko festa hitzordu handia. San Sebastian bezperaz, 22:15ean abiatu da helduen danborradaren desfilea Olazko Andre Mariaren plaza paretik. Eguraldi euritsua eta petrala iragarrita zegoen arren, ez da halakorik izan. Tarteka euri pixka bat besterik ez du egin eta festa giro ederrean egin da. San Sebastian bezperako danbor erakustaldian bi milatik gora herritarrek parte hartu dute 27 taldetan banatuta: Oñazbideko Gastadoreak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu eta Zezenzaleak. Goikokalen eta plazan behera joan ondoren, Done Jakue kaletik parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta hortik herriko plazarako bidea egin dute.

Talde guztiak plazan zirela eta gauerdiko kanpaiekin batera igo dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Aurretik, ordea, Xebastian Lizaso bertsolariak bertso bat kantatu du. Gonbidatu bereziak ere izan dituzte udaletxean banderaren igoeran: Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua, Sebastian Alvaro mendizaleak eta Lagun Onak Mendi Bazkunako ordezkariak. Baina San Sebastian bezperako omenaldia Arauntzako kosakoentzat izan da, 50. aldiz irten baitira San Sebastian bezperako danborradan. Talde horretako ordezkariek oroigarria jaso dute Eneko Etxeberriaren eskutik. Plazan jo duten azken piezaren aurretik, danbor taldeak esker ona adierazi diote Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuari, azken sansebastianak ditu Ibarzabalek kargu horretan.

San Sebastian egunez jarraituko du festak Azpeitian, haurren danborrada izango da eguneko protagonista nagusia. Hau da urtarrilaren 20ko egitaraua:

  • 09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz-eresia.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa elkarteen nahiz Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu jotzaileen kalejira.
  • 10:15. Udalbatzako kideak Soreasuko Sebastian Donearen parrokia joango dira.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Meza Nagusia parrokiako abesbatzarekin eta Julian Barrenetxea abesbatzarekin, parrokian.
  • 11:30. Sokamuturraren kontrako ellkarretaratzea, Azoka Plazaren aurrean.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan.
  • 12:30. Haurren danborrada, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
  • 16:00. Sokamuturraren kontrako ellkarretaratzea, Azoka Plazaren aurrean
  • 16:00-20:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 16:30. Sokamuturra, kaleetan.
  • 23:15. Danborrada.
  • 00:00. Bandera jaitsiera, Udal Musika Bandak lagunduta.