Zuk egiten gaituzu handi

Uztarria.eus 2019ko urt. 18a, 20:18

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ongietorri goxoa egiten diogu etorkizunari, egunero, xamur, maitekiro.

Herrian sustraituriko Ikastola da gurea.

Hurbila, gardena, publikoa, denona. Zuk egiten gaituzulako handi.

Eraberriturik gatoz: azalez eta mamiz

Begi bistakoa da azpeitiar denentzat Euskal Herria kaleko eraikineko Haur Hezkuntzako jolastokian egin dugun eraldaketa. Jolastokia gure jardun pedagogikoan integratu dugu. Ikastolako barne eta kanpo espazioak ikasgune izango ditugu aurrerantzean: naturaren elementuekin esperimentatzen ariko dira etxeko txikienak bertan; beren gorputzen mugak gainditzen ahaleginduko dira rokodromoan edota hipotesiak egiteko baliatuko dute balantza erraldoia.

Jolastoki berriak lan egiteko molde bat ekarri du berarekin: gurasoak, irakasleak eta ikasleak eskuz esku aritu gara lanean, komunitatean. Umeen diseinuak eta marrazkiak izan ditugu oinarri, irakasleen hausnarketak abiapuntu eta gurasoen ekimenez eraiki dugu hainbat baliabide. Harro gaude egindako lanaz.     

Itxuraldaketa gertatu da, baina bizi dugun eraldaketa sakon-sakona da. Gizartearen erronkei erantzungo dien hezkuntza proiektua ari gara garatzen.

  • Mugimendu autonomoan murgildurik HHn

Mimoz prestatutako askotariko espazioak dituzte umeek aukeran: gune sinbolikoa, eraikuntza gunea, mugimendu gunea, arte gunea... Espazio guztiak zabalik daude, umeak erabaki dezan non ibili, zer egin, norekin... Era horretan, bere interesak eta beharrak asetuko ditu pixkanaka. Espazio horietan maiz aldatzen dizkiegu jolaserako elementuak, proposamen berriak eginez, beraienak entzunez...

Horrela, haurraren garapenerako ezinbesteko diren eta ikaskuntzarako giltzarri diren motibazioa, mugimendua, esperimentazioa, manipulazioa eta askotariko bizipenak sustatzen ditugu. Aurrena zentzumenen bidez ikasten dute, ondoren  abstrakziora jotzeko.

Metodologia horrek adinkideen artean sareak sortzen laguntzen digu: harremanak sendotuz eta berriak eraikiz, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta ereduak behatuz zein eredugarri izanez.

Umeak irakaslearekin atxikimendu egokia garatu dezan, umearen nahiz gurasoen beharretara moldatzen dugu egokitzapena; pausoz pauso elkar ezagutu dezagun. Haurrei beren emozioak eta nahiak adierazten lagunduko diegu. Beren etorkizuneko oinarriak eraiki ditzaten, xaxari arituko gara irakasleok. Ez gara jakituriaren iturri, ume bakoitzak duen emariari bide egitea dugu xede.  

  • Tailerretan lanean LHn

LHn tailerretan egiten dugu lan. Tailer bakoitzak eremu bat du langai: Infiniton, zenbakien magiak sorginduko ditu umeak; Oikosen, naturaren legeak ikasiko dituzte; Garabin, berriz, beraiek diseinatutako eraikuntzak eskuz eta piezaz pieza sortuko dituzte; Kontu Kontarin hitzen altxorraren kutxa deskubrituko dute; eta sukaldean ere arituko dira, amantala askotariko usainez eta zaporez zipriztinduta.

Adin artekotasuna lantzeko, geletan ziklo bereko ikasleak daude nahastuta, ikasle bakoitzak duen erritmoari eta beharrei erantzun egokiagoa eman nahirik. Eremu bakoitzean, material bereziak, zeregin zehatzak nahiz langintza praktikoak dituzte gure gaztetxoek.

Gure herriko neska-mutilei oinarri sendoak emango dizkiegu, bizitza osoko ikaskuntzarako: beren hautuak egiteko gai izan daitezen, aukera horien ardura har dezaten eta gizartean modu aktiboan eta kritikoan aritu daitezen.

Mugimendu autonomoaren zutabeak hitzaldia, hilaren 22an


XXI. mendeko gizartera egokitu nahian, urrats esanguratsuak eta eraginkorrak eman ditugu. Halaxe aitortzen digute gure Ikastola garatzen ari den berrikuntza pedagogikoak sortutako interesak erakarrita bisitan etortzen zaizkigun inguruko nahiz Gipuzkoa osoko ikastetxeetako irakasleek. Bide horretan goaz aurrera. Etengabean.     

Gure lan egiteko era ezagutu nahi baduzu, etor zaitez urtarrilaren 22an, asteartea, 18:00etan, Euskal Herria kaleko eraikinean eskainiko dugun hitzaldi irekira. Bertan izango dira, besteak beste,  gure bidelagun diren Berritzegune Nagusiko eta Zarauzko Berritzeguneko aholkulariak.