Pentsiodunek aurkeztutako mozioa aho batez onartu du Udalak

Uztarria.eus 2019ko urt. 16a, 18:03
Pentsiodunak mozioa irakurtzen, atzoko udalbatzarrean.

30 bat adineko bildu dira Udalaren osoko bilkuran. Adinekoen azterketa demografikoa egitea eskatu dute jubilatuek eta pentsiodunek, haiek izan ditzaketen beharrak zein diren identifikatzeko. Hori gauzatzeko, Udalari eskatu diote beharrezkoak diren baliabideak jartzeko 2019an. Aho batez onartu dute mozioa.

Azpeitiko Udalbatzak ohiko osoko bilkura egin zuen atzo, asteartea, eta Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak mozio bat aurkeztu zuen bertan. Guztira, 30 bat adineko joan ziren udalbatzarrera, eta haietako batek irakurri zuen idatzia, denen izenean. Pentsiodunen eta jubilatuen egoera zein den azaldu zuen hark, eta horren harira, adinekoen azterketa demografikoa egitea eskatu zuen, haiek izan ditzaketeen beharrak zein diren identifikatzeko. Hori gauzatzeko, Udalari eskatu zion beharrezkoak diren baliabideak jartzea 2019an.

Eneko etxeberria alkateak azaldu zuen Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak ados daudela azterketa hori egitearekin. "Egokia ikusten dugu horrelako azterketa bat egitea, ez delako zuen erronka bakarrik egoera honi aurre egitea, Azpeitia osoarena baizik. Gure konpromisoa da mozioa onartzea eta baliabideak jartzea", adierazi zuen. Aho batez onartu zuten mozioa.

Hona hemen Baigerak aurkeztutako mozioa, osorik:

"Aspalditik ari da Baigera Azpeitiko adinekoen egoeraren aurrean zenbait gogoeta egiten, eta aurrera begira, Plan Estrategikoaren barruan, adinekoen egoerari irtenbideak aurkitzeko ahaleginetan. Gaur egunera etorrita, begien aurrean ditugun datuek ematen dizkiguten zenbait gogoeta aurkeztera gatoz.

Demografiaren mugimenduak; 2016tik 2031ra bitarteko hazkundeak:

-Biztanleria orokorra %9,2 haziko dela aurreikusten dute.
-65 urtetik gorakoena %32,10 haziko da.
-80 urtetik gorakoena %51,20 haziko da.

Gizarte egitura berrian jaiotzak gutxitu egingo dira, eta adinekoak ugariago izango dira. Horren aurrean, beharrak definitu behar dira. Gaur egun eskura ditugun datuak 2013koak dira, eta datu horiek honakoa zehazten dute:

-75-80 urte zituztenen %20k mendekotasuna zuten 2013an.
-80-90 urte zituztenen %32k mendekotasuna zuten.
-90 urtetik gorakoen%68k mendekotasuna zuten.

Gaur ez dugu uste gutxiago izango direnik. Behar berriak daudenez, hartu beharreko neurriak ere horren gainean hartu beharko dira.

Gaur egun ere baliabideak beharren atzetik dabiltzala ikusten dugu, ezagunak diren itxaron zerrendak lekuko. Erakunde ofizialek 65 urtetik gorako biztanleriarentzat egoitza plazetan markatutako ratioak ere –%5– ez dira gurean betetzen ari.

Gaur egungo gabeziei eta etorkizun urbilera ikusten diren premiei erantzuteko planik ez dugu ikusten, beraz, plan integralik ere ez.

Ondorioak:

Gizarte sektore honen zaurgarritasun eta babes falta sentipena handia da etorkizunera begira. Familia egituraren aldaketak hori guztia areagotzen du. Ondorioz, gizarte hausturaren arriskua areagotu daiteke; ahal duenak arazoari bere baliabideekin emango dio irtenbidea, eta baliabiderik ez duena baztertuta geldi daiteke.

Horrek guztiak erakusten digu plan integral baten premia dugula, eta udalari eskatzen dizkiogun konpromisoak honako hauek dira:

  1. Adinekoen azterketa demografikoa egitea, hamabost urteko aurreikuspenarekin eta genero ikuspegia aintzat hartuta.
  2. Izan daitezkeen beharrak (egoitza, eguneko zentroa, etxe tutelatuak, etxez etxeko laguntza...) definitzea eta planifikatzea.
  3. 2019. urtean horiek egiteko behar diren baliabideak jartzea".