Kulturaz kooperatibak 2018ko jardunaren balorazio "positiboa" egin du

Uztarria.eus 2019ko urt. 17a, 11:31
Jose Luis Otamendi Kulturaz kooperatibako lehendakaria, Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakaria eta Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburua.

Iaz inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu zituen Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak; 208. Ikus-entzule kopuruak ere gora egin zuen nabarmen. Datuok kooperatibaren ereduaren fruitu direla azaldu dute Kulturazeko kideek: "Elkarlana, parte hartzea eta autonomiaren arteko orekaren ondorio dira, eta hori ezinezkoa litzakete udalaren, herriko eragileen, taldeen eta norbanakoen laguntzarik gabe". Kultur mugimendua "osasuntsu" egoteko proiektua izango den Sormen Gunearen lanak aurrera doazela adierazi dute.

Kulturaz kooperatibak 2018ko jardunaren gaineko azalpenak eman eta haren balorazio "positiboa" egin du. Iaz inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu zituen, 208 hain zuzen ere. Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak adierazi duenez, ekitaldi kopurua igotzeaz gain, ikus-entzuleek "positiboki" erantzun dute; izan ere, 48.026 ikus-entzule izan dira ekitaldi horietan –231 pertsona, batez beste–. Kulturaz kooperatibak antolatutako ekitaldien kopuruak eta ikus-entzuleenak nabarmen egin dute gora proiektua martxan jarri zenetik: 2012az geroztik %76 igo da ekitaldien zenbatekoa, eta ikus-entzuleena %303.

Hark azaldu duenez, Kulturazek kudeatzen duenetik laukoiztu egin da Soreasu antzokian egiten den urteko ekitaldi kopurua. Gainera, iaztik %19 igo da Soreasu antzokira bertaratutako herritarren kopurua. Kulturazeko ordezkariek azaldu dutenez, 2014an 14 ekitaldi eta 2.500 ikus-entzule izan ziren Soreasun, eta 2018an, 57 ekitaldi egin eta 16.203 herritar izan ziren bertan.

Kultur Mahaiko kide diren taldeek sustatutako ekitaldi kopuruak ere gora egin duela jakinarazi du Pratek: 45 izan ziren 2017an, eta 65 ekitaldi, 2018an. Halaber, Kultur Mahaiko lehendakariak gogorarazi du, Kulturazek antolatutako ekitaldiez gain, beste hainbat kultur egitasmo ere antolatzen dituztela Gaztetxeak, Udalak, festa batzordeek nahiz tabernariek.

Kultur Mahaiko lehendariak azaldu duenez, datuok kooperatibaren ereduaren fruitu dira: "Elkarlana, parte hartzea eta autonomiaren arteko orekaren ondorio dira, eta hori ezinezkoa litzakete udalaren, herriko eragileen, taldeen eta norbanakoen laguntzarik gabe".

Kulturaz Kultur Mahaiaren kooperatibako kideek jakinarazi dutenez, herritarrek eta eragileek sustatzen dituzte antolatzen diren egitasmo gehienak. 2018an, esaterako 102 egitasmo antolatu zituzten Kulturazek eta herriko eragileek elkarlanean. Ekitaldi horietatik bi azpimarratu ditu Pratek, "aho zapore gozoa" utzi zutelako: Matxinada herri antzerki musikatua eta Laboaldia.

Haren aburuz, bada aipatzekoa den beste datu bat ere: "Euskal Herriko artisten plaza da Azpeitia". Izan ere, ekitaldietako sortzaileak Euskal Herrikoak dira nagusiki (%92), eta horietatik %57 Azpeitikoak. "Euskal kultura sustatzea diogunean, euskaraz egiten den kulturaz ari gara; iaz egindako 208 ekitaldietatik %9 baino ez dira izan beste hizkuntza batean eginak". Bestalde, kultur diziplinen arteko oreka mantentzeko "ahaleginean" jarraitzen dutela gogorarazi dute Kulturazeko kideek.

Erronkak eta kezkak

Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak Soreasu antzokiko datuen gorakada nabarmendu du, Kulturazek Soreasuren kudeaketa hartzean ezarri zuen erronka horixe zelako: "Soreasu herriratu eta herria Soreasutu". Eraikina "eredu desegoki" bati lotuta egin zela aipatu du, baina Sormen Guneari erreferentzia eginez adierazi du herri ekimenaren "eskuzabaltasunari eta tinkotasunari" esker, "autogestio handiko espazio ireki, dinamiko eta kritikoa" sortzeko bidean dela.

Kulturazek duen erronka bat ere aipatu du Otamendik: "Iruditzen zaigu kulturaren aldi bateko aseak kultur gose iraunkorra ere elika dezakeela, hazia ereitea ere ekar dezakeela neurriarekin asmatzen ez bada, eta horretan ari gara, beti geure tamainari dagokion kultur eskaintza batera errenditu nahian". Kezka bat ere azaldu du: herriko kulturari zerbitzu egokia eskaintzea. "Kultura aski kritikoa eta aski autonomoa ez bada, folklore bihur daiteke edo agintearentzat apaingarri edo jostailu otzan. Kulturak herri ekimenaren hauspoa bere alde baldin badauka eta herri erakundeak jendeartearen premiak eta gogoa irakurtzeko gai badira, lankidetza nahitaez etorriko da; udalarekin dugun hitzarmena da horren adibide bat".

 

Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak "zorionak" eman dizkie Kultur Mahaiari, Kulturazi eta herriko kultur mugimendu guztiari. "Emaitzak eta datuak hotzak dira bere horretan, baina herritar asko daude horien atzean, eta datuak ikusgarriak dira". Hark adierazi duenez, herri bezala "aberastu" egin da Azpeitia, Kulturazek eta Udalak elkarlanareko "formula egokia" asmatu dutelako. "Udalak Kultur Mahaiaren esku utzi ditu baliabideak, eta kultur mugimenduarekin batera erabaki da formula nola egin". Labakak azaldu duenez, gainera, 2018an "indartu" egin da erakundearen eta kooperatibaren arteko elkarlana: "Eredu propioa daukagu, era gustura egoteko moduan gara".

Bestalde, Kultura batzordeburuak gogorarazi du "urrats handi baten atarian" daudela: izan ere, kultur mugimendua "osasuntsu" egoteko proiektua izango den Sormen Gunearen lanak aurrera doazela adierazi du. "Datozen urteak erronka potolodunak izango dira, baina ilusioz hartu behar ditugu, oso garrantzitsua izan daitekeelako kultur ekosistemarentzat". Kultura herritik sortu behar den zerbait bezala ulertu behar dela adierazi du Labakak, eta gaineratu du baliabide publikoak horretara bideratu behar direla eta bideratuko dituztela.