Sansebastianak 2019

Danborrak eta gogoak, prest

Uztarria.eus 2019ko urt. 16a, 12:44
Danbor taldeetako kideak eta udal ordezkariak, festen aurkezpenean.

Dena prest dago asteburuan ospatuko diren San Sebastian jaietarako. Larunbateko bandera igoeran, aurten 50 urte bete dituen Arauntza elkartea eta Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua eta Sebastian Alvaro mendizaleak izango dira udaletxeko balkoian. Igandeko haurren danborradan, Dioni eta Iñigo Perez omenduko dituzte. Helduen danborrada udaletxeko balkoitik ikusi nahi duenak zozketan parte har dezake.

Hiru egun baino ez dira falta San Sebastian jaietarako. Atzo hasi zituzten haurrek nahiz helduek danborradetarako entseguak, eta atzo aurkeztu zituzten festak, udal ordezkariek nahiz hainbat taldetako kideek, udaletxean. Aurtengoan, asteburuan egokitzen dira festak, eta horren harira, kaleek "gainezka" egingo dutela aurreikusten dute udal arduradunek.

Oso festa parte hartzaileak izango dira sansebastianak; izan ere, 2.000 lagunetik gora izango dira danborradetan. Ohi bezala, danborradek izango dute nagusitasuna jaietan, baina omenaldiak ere izango dira aurtengoan. San Sebastian bezperan, 00:00etan, 50 urtez danborradan parte hartu duen Arauntza elkartea omenduko du udalak. Arauntza elkarteko ordezkariek "gogoz" daudela azaldu dute, eta aurtengoan, bandera jaitsieran ere parte hartu behar dutenez, elkartean "bi egun berezi" prestatu dituztela adierazi dute. Baina bandera igoeran ez dira bakarrik izango Arauntzakoak: izan ere, Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua eta Sebastian Alvaro mendizaleak ere bertan izango dira. Duela gutxi kaleratu dute Jose Mari Azpiazuk eta Alvarok La vida al límite de la vida liburua, eta argitalpen hori tarteko izango dira mendizaleak udaletxean. Gainera, 00:00etan pieza guztiak jo eta plaza husten denean, herritarrei bertan gelditzeko gonbidapena egin die Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak, Perculights taldea ariko baita zuzenean. "Kataluniatik datorren perkusio taldeak Azpeitian estreinatuko du ikuskizuna, eta benetan ikusgarria izango dela uste dugu".

Igandean, San Sebastian egunean, umeak izango dira protagonista; herriko haur ugarik astinduko dituzte danborrak. Gainera, bigarren urtez jarraian, Nekane Azpiazuk diseinatutako karroza aterako da danborradan; aurten, Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrena da haren gaia: "Bigarren urtez jarraian egokitu zait karroza egitea, eta oso gustura egin dut. Karrozan Lagun Onakek 75 urte hauetan izan duen ibilbidea azaltzen saiatu naiz", adierazi du. Eguerdian, danborrada plazara iristean, beste omenaldi bat egingo dute: Dioni eta Iñigo Perezek azken 40-50 urtez jaiotza muntatu dute, eta egindako lana aitotuko die udalak. "Urte guzti hauetan egindako lan hori guztia eskertu nahi diegu".

Balkoitik ikusteko, zozketa

Azken urteetan bezala, San Sebastian bezperako banderaren igoera udaletxeko bigarren solairuko balkoitik ikusi nahi dutenek, zozketan parte hartzeko aukera izango dute; guztira, hamar bikotek izango dute balkoira igotzeko aukera. Ostiral eguerdira arte –12:00ak arte– parte hartu ahal izango da zozketan. Interesatuek udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 70 68 telefonora deitu behar dute, eta izen-abizenak nahiz kontakturako zenbaki bat zehaztu beharko dituzte.

Festak gozatzeko izaten dira, eta horren harira, erasoak saihestea "denon ardura" dela azaldu du Eneko Etxeberria alkateak, eta "adi" ibiltzeko eskatu die herritarrei. "Jende asko izango da sansebastianetan, festa giroa izango da nagusi, baina herritarrei zein bisitariei argi esan nahi diegu errespetuz jokatzeko. Festetan denok ondo pasatzea nahi izaten dugu, eta merezi dugu. Zoritxarrez, festetan erasoak gertatzen direla entzuten dugu han eta hemen, eta gogorarazi nahi dugu erasoen aurrean laguntzea eta Udaltzaingoari edo Ertzaintzari abisua ematea guztion ardura dela. Denok izan behar dugu erasoen aurkako begi, beso, belarri... Adi ibiltzeko eskatzen dizuegu, ezer gerta ez dadin. Eta zerbait ikusiz gero, ekin ezazue mesedez, ezer larririk gerta ez dadin". 

Egitaraua

Urtarrilak 19, larunbata

-22:15. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, herriko kaleetan. Aurten, Arauntza elkarteak 50 urteurrena ospatuko du.

-00:00. Talde guztiak elkartuta plazan danborradako doinuak joko dituzte.

-00:30. Perculights perkusio taldearen emanaldia, herriko kaleetan.

 

Urtarrilak 20, larunbata.

-09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz-eresia.

-09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa elkarteen, Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu jotzaileen kalejira.

-10:15. Udalbatzako kideak San Sebastian elizara joango dira.

-10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.

- 10:45. Meza Nagusia Olazko Amari parrokiko eta Julian Barrenetxea abesbatzekin, San Sebastian elizan.

-12:00. Sokamuturra, plazan.

-12:30. Haurren danborrada, karrozarekin, Aranetik eta Artzubitik irtenda.

-16:00-20:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.

- 16:30. Sokamuturra, kaleetan.

- 23:15. Bandera jaitsi arteko danborrada.

-00:00. Bandera jaitsiera, Udal Musika Bandak lagunduta.

 

Urtarrilak 27, igandea

-12:00. Zezen txikiak eta poniak. Sokako zezen txikia, Erdikaletik plazara.

-16:30. Sokamuturra, kaleetan.