Errutina plazera denean

Uztarria.eus 2019ko urt. 18a, 12:26
Mane, Garmendipen. (Mailo Oiarzabal)

2019ko urtarrileko Uztarria aldizkaria osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan, PDF formatuan (hemen). Manuel Garcia Mane Sanjuandegiko danborradako taldearen zuzendaria da bertan Bestaldetik atalaren protagonista, Mailo Oiarzabal kazetariak egindako erreportaje honetan. Lanak eta futbolak betetzen eta asetzen dute Maneren egunerokoa.

San Sebastian bezperan, hogeita zortzigarren aldiz irtengo da danborradan Sanjuandegiko taldea zuzentzen Manuel Garcia Mane (Urrestilla, 1961). 1992tik, "hutsik egin gabe" parte hartu izan du urtarrilaren 19ko festan. Gaur egun, danborradako zuzendari beteranoenetakoa da. "Ez daukat uzteko batere intentziorik, Kanpaxaren marka haustea nahi dut!", bota du, barrez.

Esan gabe doa, Maneri danborrada "izugarri gustatzen" zaio. "Txikitan, oiloipurdia jartzen zitzaidan handiak danborra jotzen ikusten nituenean, egundokoa izaten zen niretzat". Inondik espero ez zuena zen, ordea, Sanjuandegiko lagunekin taldea ateratzea lortu zutenean, zuzendari aritzea berari tokatuko zitzaiola. Taldeko arduradun izendatua zutenak eskatu –edo agindu– zion zuzendari izatea. "Eta nik ezetz, ezta pentsatu ere! Ni, zuzendari? Taldean bazegoen-eta bandan zebilen jendea, solfeoa zekiena. Baina, zuzendaria ni izan behar nintzela, ikasiko nuela. Larritu egin nintzen, ideiarik ez neukan eta! Schubertekin [Jose Luis Frantsesena] hitz egin nuen eta hark lagundu zidan. Horrela, etxean entseatuz eta entseatuz, eta zalantzaren bat nuenean Schubertengana joz, ikasten joan nintzen. Baina a zer gauak bota nituen, ohera joan eta han ere piezekin bueltaka!", gogoratu du.

Zuzendari lanetan majo zaildua egon arren, sansebastianak hurreratzen ari diren heinean "urduri" jartzen dela aitortu du. "Badakizkit piezak, noski dakizkidala, baina beti gustatzen zait errepasatzen joatea, entseguak iristen direnean prestatuta egoteko. Danborrada barruan daramadan zerbait da, bizi egiten dut. Hori, eta futbola".

Garmendipen edo lantokian

Futbola, nola ez. Umetan lagunekin hasi, Lagun Onaken zortzi urtez aritu eta belauneko arazoek federatutako futbola 22 urterekin uztera eraman bazuten ere, inoiz ez du eten futbolarekin, Lagun Onakekin eta Garmendiperekin lotzen duen zilbor hestea.

Danborradan zuzendari izatera nola, futbolean atezain izatera ere halabeharrak eraman zuen Mane. 11 urtera arte, garai hartan ohikoak ziren lagunarteko txapelketetan kuadrillakoekin jokatzen zuenean, aurrelaria zen. Zoritxarreko gertaera batek ekarri zion aldaketa: "Gure taldeko atezaina zena hil egin zen, buruko isuri batekin; Sanjuandegiko estankoko Petraren seme zaharrena zen, Pedro Luis". Azkoitiko Profesionalean txapelketa ari ziren jokatzen, atezaina behar zuen taldeak, eta Manek, gazteenak, hartu zuen postua. "Taldekideek jarraitzera animatu ninduten eta neuri ere gustatu egin zitzaidan. Beti egoten nintzen urratuz beteta, baina ez zidan penarik eman aurrean jokatzeari uzteak".

14 urte zituela fitxatu zuen Lagun Onakek eta 17rekin debutatu zuen Hirugarren Mailan. Lagun Onaken jokatutako urteetako "oroitzapen ederrak" ditu. "Ume bat nintzen eta gozatu egiten nuen garai hartako taldekide beteranoekin. Atxuiya, Martxialito, Tximist, Pipillo... aitaren parekoak ziren niretzat. Talde bikaina zen, izugarri estimatzen ditut orduko taldekideak". Jokalari izateari utzi arren, Lagun Onaken jarraitu zuen: "Eta hor jarraitzen dut, behar den edozertarako". Gaztetxoekin lan egitea da gehien betetzen duena, baina iraungitze datadun lana da beraretzat: "12 urteren bueltara iristen diren artean, gozamen hutsa da niretzat haiekin aritzea. Gero, ja, ez". Etsipen puntua nabari zaio bera Lagun Onakera iritsi zen adin beretsua duten gaur egungo futbolari gazteez hitz egiterakoan. "Gazteek ez dute entrenatu nahi, partidak jokatzea besterik ez dute nahi", dio.

Eguneroko errutinan moldatzen da ondoen Mane, hala dio berak: "Oporretan nekatuago egoten naiz, lanean nabilenean baino. Jendeak esaten dit zoratuta nagoela, baina niri gustatu egiten zait egunero lanera joatea". Bere bila dabilenak galbide handirik ez du: "Tailerrean ez banago, futbol zelaian; eta futbol zelaian ez banago, tailerrean". Eta San Sebastian bezperan, danborradan.