Gora egin du odol ateraldien kopuruak 2018an

Uztarria.eus 2019ko urt. 15a, 12:27

2017an baino 37 odol ateraldi gehiago zenbatu zituen Azpeitiko Odol Emaileen elkarteak 2018an. Aurten 50 urte beteko ditu taldeak, eta bertako kideek elkartearen urtemuga aprobetxatu nahi dute herritarrak odola ematera animatzeko eta horren "garrantziaz" kontzientziatzeko. 

Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, gora egin du odol ateraldien kopuruak 2018an herrian. Orotara, 1.155 odol ateraldi zenbatu dituzte, 2017an baino 37 gehiago. Odol Emaileen Elkarteko kideen datuen arabera, batez beste hileko 82 odol ateraldi izan zen 2018an. Jasotako datuak "onak" derela uste du odol emaileen elkartek, eta kopuruak gora egin izana "pozez" hartu du. 2019an goranzko joerarekin jarraitu nahi dute elkarteko kideek, eta adin guztietako herritarrak odola ematera animatu nahi dituzte. 

Odol emaileen elkarteak odola ematea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du. Aurten, 50 urte betetzen ditu odol emaileen elkarteak, eta bertako kideek elkartearen urtemuga aprobetxatu nahi dute herritarrak odola ematera animatzeko eta horren "garrantziaz" kontzientziatzeko. 

Hileko azken asteazkenetan egiten dituzte odol ateraldiak anbulatorioan, 17:00etatik 21:00etara. Urtarrileko odol ateraldia hilaren 30ean izango da.