Plazako eraikinen etxaurreak, itxuraberrituta

Uztarria.eus 2019ko urt. 14a, 16:58

Bukatu dituzte plazako 6, 7 eta 8 zenbakidun eraikinen etxaurreak eraberritzeko lanak. Irailean hasi ziren konponketa lanekin, eta joan den astean bukatu zituzten obrak. Bi zatitan egin dute eraberritzea. Etxaurrearen alde bat konpondu zuten aurrena, eta obra horiek abenduaren erdi alderako amaitu zituzten. Egiteko gelditzen ziren lanak, aldiz, joan zen astean bukatu zituzten, eta gaur kendu dituzte aldamioak plazatik. 

50 urtetik gora dituzten eraikinen ikuskapen teknikoa egin ostean erabaki zuten plazako eraikin horren etxaurrea berritzea eta itxuraldatzea. Fatxada margotu ez ezik, sistema energetikoa hobetzeko lanak egin dituzte etxepeetan. Azpeitiko Udalak diruz lagundu ditu plazako eraikinaren eraberritze lanak, Alde Zaharra biziberritzeko planaren barruan eskaintzen dituzten diru-laguntzak direla eta. "Herriko plazak duen berezitasunagatik", bertako eraikinen eraberritze lanen %50a ordaintzen du Udalak, betiere aurrekontuak ez badu erakundeak ezarritako kopurua gainditzen. Kasu honetan, portaleko 6.000 euroko diru-laguntza eman du erakundeak.