Azpeitiko pentsiodunak itzuli dira plazara

Uztarria.eus 2019ko urt. 14a, 13:42

Gabonetako etenaldiaren ostean, eta joan den astean iragarri bezala, gaur itzuli dira Azpeitiko jubilatuak eta pentsiodunak beren eskaerak eta aldarrikapenak plazaratzera; aurrerantzean ere, astelehenero elkartuko dira plazan, 12:00etan. Gaur, euriarengandik ihesi, Azoka Plazaren barruan egin dute elkarretaratzea. Beren eskaerak berritzeaz gain, bihar arratsalderako beste dei bat ere egin dute gaurkoan. Izan ere, bihar 19:00etan udaletxeko areto nagusian egingo den udalbatzarrean Baigera jubilatuen elkarteak aurkeztutako mozioa landuko dute, eta herriko jubilatu eta pentsiodun guztiei bertara azaltzeko deia luzatu diete gaur eguerdiko kontzentrazioan.

Biharko mozioarekin, azterketa demografiko bat egitea eskatuko diote pentsiodunek Azpeitiko Udalari, hamabost urteko epean adinekoen egoera eta beharrak zertan izango diren aurreikusteko helburuarekin.