Jai giro ederrean hasi da txotx denboraldia Añota sagardotegian

Uztarria.eus 2019ko urt. 12a, 14:05

Urtarrilarekin batera iritsi da beste urte batez sagardo denboraldia, eta aurtengoa dagoeneko zabalik da. Atzo, ostirala, inauguratu zuten sagardo denboraldi berria Azpeitiko Añota sagardotegian, eta jendetza bertaratu zen irekiera ekitaldira. Jai giroan ekin zioten denboraldiari, eta Joxe Apalantza kirolari errezildarrak izan zuen Añotako lehen upela zabaltzeko eta sagardo berriari lehen tragoa emateko aukera. Izan ere, errezildar kirolariak ETB1eko Gailurra XTreme 3EM saioa irabazi du, eta aitortza gisa eskaini zioten Añotako sagardo denboraldia irekitzea. 20:00ak pasatxo hasi zen atzoko festa, eta Apalantzaz gain, bertan izan ziren Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolariak. Orotara 220 lagun inguru bertaratu zen Añotara atzo, gazte zein heldu, eta denek sagardotegi menuaz gozatu zuten giro ederraz lagunduta. Kupela taldearen erromeriak borobildu zuen gaua. 

Argazki bilduma, hemen