Gurasoen etxean harrapatuta

Gipuzkoako Hitza 2019ko urt. 11a, 16:30
Elizkalea.

Alokairuaren bueltan erreportaje hau osatu du Gipuzkoako Hitzak. Azpeitiko etxe agentzia batzuetako arduradunekin eta alokairuan bidi diren zenbait gazterekin hitz egin dute.

Gipuzkoan, etxebizitzen %2 hutsik daude; 11.610 etxebizitza, hain zuzen ere. Sei hilabete eta bi urte artean daramatzate itxita, inork erabiltzen ez dituela. Halaxe dio Etxebide Etxebizitzaren Euskal Behatokiak joan den urtean egindako azterketa batek. Bien bitartean, milaka gazte, 30 urtetik gorakoak asko, gurasoen etxean harrapatuta daude, laneko ezegonkortasunak, soldata apalek eta alokairuan hartzeko moduko etxebizitzarik ezak behartuta.

Azpeitian, esaterako, dozenaka gaztek alde egin nahi lukete gurasoen etxetik, euren kontura bizitzen hasteko. Baina ezinezkoa zaie, alokairuan hartzeko etxebizitzarik ez dagoelako. Egurtza etxe agentzian, esaterako, une honetan ez daukate alokairuan eskaintzeko etxebizitza bakar bat ere. Jabi Agirrek hiru urte daramatza agentzia horretan lanean, eta denbora tarte honetan egoera horixe bera izan dela dio. “Oso etxe gutxi irteten da merkatura, eta irteten direnak berehala alokatzen dira”. Egurtza etxe agentzian zerrenda bat dute etxebizitza alokairuan hartu nahi duten bezeroekin, eta zerrenda horretara jotzen dute etxebizitzaren bat daukatenean. “Denetariko jendea dago zerrendan. Gazteak bai, baina baita adinekoak ere, eta asko eta asko atzerritarrak”.

Bat dator Azpeitiko Amube etxe agentziako Patxi Elustondo ere. “Orain sartu zait alokairurako etxeren bat, baina normalean ez dut izaten bakar bat ere”. Baina zergatik? Ez ote dago, bada, etxe hutsik herrian? “Ez, arazoa ez da hori”, ziurtatu du Elustondok. “2003an edo 2004an azterketa bat egin zuen Kale Gorrian kolektiboak, eta herrian 1.700 etxe huts zeudela ondorioztatu zuen. Horietatik 600-700 alde zaharreko etxebizitzak lirateke, zaharrak eta baldintza eskasetan daudenak, baina beste 1.000-1.100 egoera onean leudeke”. Jabeek ez dituzte alokairuan jarri nahi, ordea. “Esperientzia txarrek oihartzun handia izaten dute, eta horrelakoak egon badaude, baina ez da bidezkoa denak zaku berean sartzea”.

Beste arrazoi bat ere badela dio Elustondok: “Kultura talka. Kontua da atzerritarrak direla etxebizitzak alokairuan hartuko lituzkenetako gehienak, eta horrek, oraindik, erreparo handia ematen die jabeei. Zer gertatzen da? Etxebizitzak itxi egiten dituztela atzerritarrei alokatu nahi ez dizkietelako, eta herriko gazteek, alokairu bila hasten direnean, ez dutela topatzen etxerik”.

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.