Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen kasuak atzemateko programa jarriko dute martxan herriko ikastetxeetan

Uztarria.eus 2019ko urt. 11a, 16:48
Herriko ikastetxeetako, Gazteria Saileko eta Udaleko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Haurren eta gaztetxoen babesgabetasun edo zahurgarritasun egoerak lehenbailehen atzemateko eta horietan esku-hartzeko prebentzio programa jarriko du martxan Udalak. Herriko lau ikastetxeei formazioa, aholkularitza eta esku-hartzea eskainiko dizkie Orekagunek, arazoa oso larria ez den bitartean konpontzen ahalegintzeko.

Haurren eta gaztetxoen babesgabetasun edo zahurgarritasun egoerak lehenbailehen atzemateko eta halako kasuak saihesteko programa berritzailea jarriko du martxan Udalak herriko lau ikastetxeetan –Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola–. Formazioa, aholkularitza eta esku-hartzea eskainiko dizkie Orekaguneko Luis Legorburu psikologoak ikastetxeetako ordezkariei, oso larriak ez diren arazoei konponbidea ahalik eta lasterren emateko. Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, gaur egun, haurrek nahiz nerabeek jasaten dituzten tratu txar fisikoen nahiz psikologikoen kasu gehiago atzematen dira gizartean, eta horregatik jarriko dute martxan programa. "Lagun arteko zein familia barneko arazoak izan, babesgabetasuna jasateko zahurgarriak diren haur horiei laguntzea da helburua".

Prebentziorako programak hiru fase izango ditu: lehenegoan, ekaina bitartean, ikastetxe bakoitzeko hamabost ordezkarik formazioa jasoko dute –legedia eta babesgabetasun egoerak atzemateko adierazleak azalduko dizkiete– ordu eta erdiko hiru saiotan; bigarren fasea uda ostean hasiko dute, eta ikastetxe bakoitzean atzemandako kasuak aztertzeko eta lantzeko aholkularitza saioa egingo dute; hirugarren eta azken fasean, berriz, arazoa larritu eta Gizarte Zerbitzuetara jo aurretik, eskolan atzemandako arazoei aurre egiteko eta esku-hartze prebentiboa gauzatzeko bidea emango diete ikastetxeetako ordezkariei.

Orain arte, tratu txar fisikoa nahiz psikologikoa jasaten duten adin txikikoei esku-hartze psikologikoa eskaintzen zien Udalak; izan ere, Udaleko Gizarte Zerbitzuen eskumena da halako kasuak artatzea. Dena den, arazoak garaiz atzemateko beharra nabaritu dute herriko ikastetxeek eta Udalak, eta horregatik jarriko dute proiektu pilotua martxan. "Arazoa atzematean, eta arazo hori oraindik larria ez denean, horri aurre egiteko baliabideak jartzea da programaren helburua. Programa berritzailea da, inguruko herrietan-eta oraindik txertatu gabe dagoena. Donostian-eta bada martxan halako proiektu bat, baina gure herriko errealitatea hirikoaren alderatuta desberdina denez, programa moldatu egin dugu", azaldu du Elduaienek.

Haurraren edo nerabearen babesgabetasun egoeraren edo egoera horren larritasunaren arabera, udalei edo Foru Aldundiari dagokio esku-hartzea egitea. Arazorik larrienak aldundiak artatzen ditu, eta oso larriak ez diren kasuei aurre egitea dagokie udalei. Elduaienen arabera, baina, badira Gizarte Zerbitzuetara iritsi aurretik irtenbidea ematea posible den kasuak. "Udalak eta ikastetxeek elkarlanean, kasu horiei irtenbidea bilatzea da programa berriaren helburua". Gizarte Batzordeburuak adierazi duenez, iaz hasi ziren gaiari bueltaka: "Gai delikatua da, eta ikastetxeek arazoaren 'zama' sentitzen dutela ikusirik hasi ginen ikastetxeei zein ludoteketako eta Gaztelekuko hezitzaileei baliabideak eskaintzeko bidea aztertzen".