Aramendi, Orbegozo eta Badiola Emakumea Pilotari Txapelketan parte hartzen ari dira

Uztarria.eus 2019ko urt. 10a, 16:08
Aramendi Emakume Master Cupeko partida batean.

Ezker hormako binakako txapelketan, Bigarren Mailan ari dira lehiatzen. Aramendi eta Orbegozo elkarrekin ari dira lehian; Badiolak, berriz, Zubizarreta bergararra du bikote. Dagoeneko bi jardunaldi jokatu dituzte, eta asteburuan jokatuko dute hirugarrena Zaldibian.

Martxan da dagoeneko ezker hormako binakako Gipuzkoako Emakumea Pilotari Txapelketa, eta Bigarren Mailan ari dira lehiatzen Azpeitiko hiru pilotari: Nagore Aramendi, Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola. Aramendi eta Orbegozo batera ari dira lehiatzen, Badiolak berriz Uxue Zubizarreta bergararra du bikote txapelketan. Joan zen abenduaren erdi aldean hasi zen Bigarren Mailako txapelketa, eta nor baino nor ari dira bost bikote.

Lehen jardunaldia Bergaran jokatu zuten, azpeitiarrek garaipen bana lortu zuten partida haietan. Bigarren jardunaldia, berriz, abenduaren 28an jokatu zuten Azpeitiko Frontoi Txikian: Aramendik eta Orbegozok ezin izan zituzten mendean hartu Arteaga eta Agirre (17-22); Zubizarretak eta Badiolak atsedena izan zuten jardunaldi hartan. Gabonetako etenaren ostean, asteburu honetan jokatuko dute pilotariek hirugarren jardunaldia, Zaldibian (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, Zubizarretak eta Badiolak Bergara eta Bikarioren kontra jokatuko dute partida, eta Aramendik eta Orbegozok atsedena izango dute.

Guztira, bost jardunaldi jokatuko dituzte, eta azkena urtarrilaren 25ean izango da Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Ondoren, finalerdiak jokatuko dituzte Donostiako Antigua auzoan, eta gauzak ondo bidean, finala Azpeitian izango da.