Eneko Etxeberriak presoen aldeko manifestazioetara joateko deia egin du Lannemezango espetxearen ataritik

Uztarria.eus 2019ko urt. 10a, 16:43

Sarek deituta, larunbatean, urtarrilaren 12an, presoen eskubideen alde Bilbon eta Baionan egingo diren manifestaziora joateko deia egin die Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak herritarrei, Lannemezango (Frantzia) espetxearen ataritik. Hain zuzen ere, espetxe horretan dago preso Joseba Segurola azpeitiarra, eta hura bisitatzen izan da alkatea gaur, osteguna. Etxeberriak bideo bat eskegi du Twitterreko bere kontuan, eta han dioenez Segurolaren egoerarekin "arduratuta" daudelako egin diote hari bisita. Bidenabar, Azpeitiko alkateak manifestazioetara joateko deia egin du, "urgentea" delako presoen egoera "behingoz zuzentzea" eta presoak "etxean" izatea.

Honako hau da Etxeberriak Twitterren zabaldu duen bideoa:

Larunbatean Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu ditu Azpeitiko Sarek, eta oraindik ere eman daiteke izena joan-etorria autobusez egiteko. Orkatz kultur elkartean eta Sanjuandegiko Niza tabernan dago horretarako aukera; ikasleek, langabeek eta jubilatuek bost euro ordaindu beharko dute; soldatadunek, berriz, hamar euro. Zapatuan 15:30ean abiatuko dira autobusak anbulatorio aurretik Bilbora.