Nora Alberdi: "Googleko iruditegian agertuko ez diren argazkiak egin nahi ditut"

Urola Kostako Hitza | Kultura
2019ko urt. 10a, 11:38

Argazkilari azpeitiarrak bere lehen erakusketa zabaldu du Sanagustin kulturgunean. Askotariko uneak izozten dituzten hamabost argazki bildu ditu bertan.

Nora Alberdi, erakusketan. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Umea zela, liburu batean idatzi zuen handitan argazkilaria izan nahi zuela. Orain, orduan baino handiagoa da Nora Alberdi (Azpeitia, 1997), eta haurtzaroko amets hura ez du hain urruti: Batxilergoan erosi zuen argazki kamera hartuta, hainbat eta hainbat momentu izozten dihardu. Are gehiago: azken lau urteotan egindako milaka eta milaka irudietatik hamabost aukeratu eta erakusketa zabaldu du Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Asteartera arte dago zabalik.

Askotariko argazkiak bildu dituzu erakusketan. Ba al dute loturarik beraien artean?

Kamera berarekin ateratako argazkiak dira, baina ez dute bestelako harremanik: bat Kopenhagen atera nuen, beste bat Porton [Portugal], beste batzuk Oñatz aldean eta Zumaian, amonaren ganbaratik ateratakoak dira bi... Denetarik dago.

Zerk deitzen du zure arreta argazkiak ateratzerakoan?

Ez dakit. Naturak betitik, asko. Eta pertsonek ere bai, gero eta gehiago. Behatzea asko gustatzen zaidanez, edozer huskeriari begira geldi naiteke, eta horri ahal dudan argazkirik politena ateratzen saiatu. Nik beti gauza bera esaten dut: Googleko iruditegian agertuko ez diren argazkiak egin nahi ditut. Amak esaten baldin badit monumentu bati argazkia ateratzeko, nik ezetz esaten diot, argazki hori Googlen badagoelako. Gehiago gustatzen zait gizarteari ateratzea argazkiak. Niri berezia iruditzen zaidan horren bila aritzen naiz.

Zer izan behar du argazki batek ona izateko?

Zaila da hori azaltzea. Argazkilaria bera gustura gelditzen denean, edo ikusten duenean egindako argazkia polita dela, hor dago argazki on bat. Oso kontu pertsonala dela iruditzen zait, oso subjektiboa. Batzuentzako bat izango da argazki ona, eta beste batzuentzako ez. Nire kasuan, duela lau urte egin nituen argazkiak ikusten ditut, eta iruditzen zait ez zeukatela ezer berezirik. Eta orain, pixkanaka, gero eta bereziagoak edo landuagoak ateratzen ditudala uste dut. Baina dena pertsonala da; batzuek esango dute ez daukatela ezer nire argazkiek, eta niretzat badute zerbait.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu