Hernion eroritako hegazkinean zihoan bigarren bidaiariaren hilotza aurkitu dute

Uztarria.eus 2019ko urt. 10a, 12:11
Erreskateko lantaldea Hernion gora. (Sos Deiak)

Gaur goizean aurkitu dute gorpuzkina. Atzo erori zen hegazkin arina Hernio mendiaren magalean. Ertzaintzak gertaera argitzeko ikerketa jarri du martxan.

Erreskate taldeek gaur goizean ekin diete atzo Hernion erori zen hegazkinean zihoan bigarren bidaiaria aurkitzeko lanei, eta 10:30 inguruan aurkitu dute bigarren bidaiariaren gorpua. Ertzaintzak Uztarria.eus-i baieztatu dionez, bi lagun zihoazen hegazkin arinean, eta haietako baten gorpuzkia zein hegazkinaren zatiak atzo arratsaldean topatu zituzten Hernio mendiaren magalean. Gaur 08:30 inguruan hasi dituzte bigarren bidaiaria aurkitzeko lanak, eta dagoeneko bilatu dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Departamentuak adierazi duenez.

Portugaldik Hondarribiara zihoan hegazkin partikularrak atzo eguerdian izan zuen istripua. Hondarribiako aireportuan 13:24ean galdu zuten haren arrastoa, eta orduan jaso zuten larrialdi zerbitzuek abisua. Era berean, baserritar batek larrialdietara deitu zuen esanez hegazkin baten motorra gelditu egin zela sumatu zuela. Arratsaldeko lehen orduan hasi zituzten erreskate taldeek hegazkin arina eta hango bidaiariak aurkitzeko lanak, eta hegazkinaren zatiak erabat kiskalita eta pertsona baten gorpuzkiak topatu zituzten tontorretik gertu oinez bila ari ziren erreskate taldeko kideek. Helikopteroz ere aritu dira bilaketa lanetan, baina behe-lainoa tarteko, ezin izan dute bilaketa behar bezala egin.

Istripua nola gertatu zen argitzeko, ikerketa bat jarri du martxan Ertzaintzak. Ezbeharra 14:00 aldean gertatu zen, eta Hernio behelainoak estalita zegoen istripua gertatu zenean. Aldiz, Ertzaintzak ez du zehaztu ezbeharra lainoak eragin al zuen.