Umeentzako Irakurleen Txokoa abian da Udal Liburutegian

Uztarria.eus 2019ko urt. 11a, 11:20
Irakurle Txokoaren saioetako bat. (Udal Liburutegia)

Urrian hasita, hileko azken ostegun arratsaldetan elkartzen dira irakurle gazteak liburutegian, guztien artean liburu bat irakurtzeko eta harekin lotutako ekintzak garatzeko. 8 eta 9 urtekoentzakoa da Azpeitian lehen aldiz antolatu duten egitasmoa, eta adin horretako edozeinek har dezake parte. Haurrak "irakurketara gerturatzea" da helburua.

Egitasmo berria jarri du martxan ikasturte honetan Azpeitiko Udal Liburutegiak: umeei zuzendutako Irakurleen Txokoa. Orain dela urte batzuk sortutako helduen irakurle taldearen ispiluan begiratuta, baina dagokion adin taldeari egokituta eta beste hainbat herritako liburutegietan dituzten taldeen antzera, osatu dute 8 eta 9 urteko herriko edozein haurrek parte hartzeko pentsatuta dagoen proiektua. Urrian eta azaroan egin zituzten lehen bi saioak; abenduan ez zuten saiorik izan, baina hil honetan eutsiko diote berriro bideari. Hilero saio bat egitea aurreikusten dute, hileko azken ostegunetan, 18:00etatik 19:30era; horrela, urtarrilaren 31n izango du hurrengo hitzordua Irakurleen Txokoak liburutegian.

Saioetan elkartzen direnek liburu bat irakurtzen dute bertan, "liburu bera, guztion artean, txandaka ozen irakurriz". Gero, irakurri dutena lantzen jarraitzen dute beste era bateko ariketak eginez, jolas eta sormen giroan, beti ere. Umeek "liburuak irakurtzea eta horiekin esperimentatzea, jolastea eta hausnartzea" da antolatzaileek nahi dutena. Euskarazko irakurgaiak dira erabiltzen dituztenak eta saiatzen dira "berezitasunen bat dutenak aukeratzen, komertzialak edota modakoak izan beharrean".

Hamahiru umek eman zuten izena ikasturte hasieran, baino gutxiago izan dira gero orain arteko saioetan parte hartu dutenak. "Espero dugu datozen saioetan ume gehiago animatzea. Izena emateko aukera zabalik mantentzen dugu, eta izenik eman gabe azaltzen direnak ere ongi etorriak izango dira", diote liburuzainek. Izena eman edota informazioa lortu nahi dutenek 943-15 71 95 telefonora deitu edota 688 81 55 06ra Whatsapp mezua bidal dezakete.

8 eta 9 urtekoekin hasi dira lanean. "Adin horretan badakite irakurtzen, eta haurrak irakurketara gerturatzea da asmoa", adierazi dute arduradunek. Azaldu dutenez, irakurmena lantzerakoan "ulermen arazoak gero eta gehiago" sumatzen dituzte umeen artean ikastetxeetan eta, eta areagotzen ari den arazo horri aurre egiteko tresna izatea nahi dute Irakurleen Txokoa. Egitasmoa beste adin tarte batzuetara zabaltzea ere gustatuko litzaieke, baina momentuz ez dute posible ikusten; beste liburutegi batzuetan horrelako taldeak gidatzeko aparteko langileak dituztela azaldu dute, baina Azpeitikoan ez dute halako baliabiderik.