Hilaren 26an egingo du Lagun Onak MBk Ardoaren eta Arrainaren ibilbideko lehen etapa

Uztarria.eus 2019ko urt. 8a, 17:36
Bermeoko portutik abiatuko dute azpeitiarrek Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea.

Bermeo eta Oion lotzen dituen GR-38 ibilbidea osatuko dute aurten mendizaleek, iazko Azpeitia-Bilbo eta 2017ko Azpeitia-Hazparne egitasmoen ildo beretik. Zortzi etapatan egingo dituzte ibilbidearen 166 kilometroak. 2019rako prestatu duen egutegiarekin batera zehaztu ditu Lagun Onakek egitasmo berriaren xehetasunak.

Urtea hutsik egin gabe Erlon estreinatu ondoren, 2019rako prestatu duten egutegiaren bigarren hitzordua izango dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek eta haiekin bat egin nahi duten herritarrek urtarrilaren 26an. Hil honen azken zapatuan, aurtengorako prestatu duten egitasmo bereziaren lehen hitzordua dute mendizaleek: Ardoaren eta Arrainaren ibilbidearen lehen etapa.

Bermeo (Bizkaia) eta Oion (Araba) lotzen dituen GR-38 ibilbidea osatuko dute aurten Lagun Onakekoek, iazko Azpeitia-Bilbo eta 2017ko Azpeitia-Hazparne egitasmoen ildo beretik. Rufino Arroiaberen ibilbidea izenarekin ere ezagutzen da Bermeo eta Oion artekoa. XIX. mende amaieran hasi zen Arroiabe bide hori erabiltzen; Arabar Errioxako ardoa Bermeora eramaten zuen, eta trukean arrain freskoarekin itzultzen zen barnealdera. Eginbide horretan, arrainaren kontserbaziorako teknikak ikasi zituen, eta Arroyabe kontserba-lantegia sortu zuen ondoren, Bermeon bertan.

Zortzi etapatan egingo dituzte ibilbidearen 166 kilometroak mendizale azpeitiarrek; urtarriletik ekainera hilero bana egingo dute, eta irailerako eta urrirako urtziko dituzte azken biak. Hau da prestatu duten egutegia:

1. etapa, urtarrilak 26: Bermeo-Gernika (20,5 kilometro).

2. etapa, otsailak 16: Gernika-Iurreta (22 kilometro).

3. etapa, martxoak 16: Iurreta-Otxandio (21,5 kilometro).

4. etapa, apirilak 13: Otxandio-Urbina (17,5 kilometro).

5. etapa, maiatzak 18: Urbina-Estibaliz (20 kilometro).

6. etaoa, ekainak 15: Estibaliz-Albaita (23 kilometro).

7. etapa, irailak 21: Albaita-Guardia (22 kilometro).

8. etapa, urriak 19: Guardia-Oion (20 kilometro).

"Guk egingo dugun eran, Bermeotik irten eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren lurretatik Gernikara pasatuko gara. Gernikatik Oiz igoko dugu, eta ondoren Durangora jaitsi. Handik, Mañariatik pasatuta, Urkiolara, bertatik Otxandiora iristeko. Bizkaia atzean utzi eta Araban sartuta, Albinako eta Urrunagako urtegien ondotik pasatuta aurrena, eta Uribarri Ganboako urtegitik ondoren, Estibalizera iritsiko gara. Okinako haitzartea gurutzatu, eta Albaitara. Ondoren, Lagranetik Toloño mendiko erliebeak igoko ditugu, Guardiara jaisteko. Amaitzeko, mahasti zabal eta amaigabeetan zehar, Oionera iritsiko gara", azaldu eta laburbildu dute ibilbidea antolatzaileek.