Claudia Reque: "Leku batean bakarrik egonda, lagunekin osatzen duzu familia"

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urt. 8a, 11:19

Aitaren lana tarteko, AEBetan, Argentinan eta Venezuelan bizi izan da. Egun, 14 urte daramatza Azpeitian Cochabambakoak (Bolivia). Elkarrizketa hau egin zion Ihintza Elustondo kazetariak 2018ko abenduko Uztarria aldizkariaren Hementxe bertan atalerako.

Claudia Reque. (Ihintza Elustondo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Erraz egokitu al zara hona?

Aurrez beti hiri handietan bizi izan nintzen, eta hasieran kostatu egin zitzaidan herri batean bizitzea. Jendeak ezagutu egin behar izan ninduen onartu baino lehen. Denbora eman diet, eta oso ondo hartu naute.

Latinoamerikarrak eta euskal herritarrak oso ezberdinak direla diote.

Hala da. Hasieran asko harritzen ninduen jendearen hoztasunak, zerbait pertsonala zela uste nuen, baina gero konturatu nintzen hemengo izaeraren parte dela. Iritsi berria nintzela, alabaren andereñoak esan zidan: "Izan pazientzia, itxiak gara, baina irekitzen garenean, benetan leialak gara". Eta hala da.

Zer gustatzen zaizu hemendik gehien?

Balioak. Hiri handietan balio asko galdu egin dira, jendea oso indibidualista bihurtu da. Herri batean dena da familiarragoa, denok ezagutzen dugu elkar, eta zerbait gertatzen bada, denek laguntzen dute.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Oso sinplea. Euskaltegira eta Angel Oiarzabalen eskolara dantza ikastera joaten naiz. Gainera, taberna batean lan egiten dut, eta txakurra paseatzera atera ere bai. Eta gainontzean, etxean egoten naiz; besterik ez.

Urrestildar bat latinoamerikar bati salsa irakasten?

Bai, hala da. Badaezpada ez diet Bolivian ezer esaten [barreak].

Ezberdintasun handia al dago Boliviaren eta Euskal Herriaren artean?

Bai, batez ere, bizi kalitatean. Han ezin duzu iturriko ura edan, eta hezkuntza nahiz osasuna pribatuak dira. Gainera, nire hirian zaila da naturarekin harremana izatea. Hara joaten, faltan sumatzen dut Xoxote.

Eta hemen, zerbait sumatzen al duzu faltan?

Batez ere, beroa. Eta familia ere bai. Baina ikasi dut zilbor hestea eteten. Hasieran kostatu egin zitzaidan, baina ezin nuen jarraitu han eta hemen bizitzen. Orain, hemen dago nire familia. Leku batean bakarrik egonda, lagunekin osatzen duzu familia.

Boliviara itzultzeko asmorik bai?

Ez, agian, jubilatzen naizenean edo... Baina orain hemen dago nire etxea. Hemen hazi nahi ditut nire seme-alabak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu