Aitzaki, xarmaz beteta

Uztarria.eus 2019ko urt. 7a, 13:31
Zutik, Pedro Arakistain eta Anttoni Olaizola. Javierren sorbaldan du eskua amak, eta Fernando da jertse zuriduna. Besteak, jesuitak, Martinen lagunak.

Duela 25 urte itxi zuen Arakistain familiak Errebaleko sagardotegia, eta aro bat harekin. Mailo Oiarzabal kazetariak 2018ko abenduko Uztarria aldizkarirako egindako erreportajea da honakoa.

Bustinzuriko Errebalean, Pikuaneko aurrean, orain etxe berriak dauden tarte horretan, Artetxenekoaren kontra, zegoen Aitzaki. Eskailera maila batzuk jaitsi, eta aitzakia gutxi zuten parrilan erretako haragiak eta arrainak dastatzera joaten zen jendea bertara, sagardoz zein ardoz ondo bustita. Gerra ondorengo urteetan hasi eta 1993ko iraila arte, ez ziren gutxi izan Aitzakirako bisitak ohitura bihurtu zituztenak; azpeitiarrak, zer esanik ez, baina baita inguruetakoak eta dezentez urrutiagokoak ere. Uda partean, hango parrapeak estimazio handia izaten zuen; negurako, berriz, lokaleko aterpea hobe. Guztira, kanpo eta barru, ehun bat lagunentzako tokia zuten.

Irailean bete ziren 25 urte Errebaleko sagardotegiak ateak itxi zituenetik, eta bi belaunalditako aitzakitarrak elkartu ditu Uztarriak Aitzakiren historia eta istorioak berritzeko asmoarekin. Luxiano (1938), Angel (1941) eta Fatima Arakistain (1947) Pedro Arakistainen eta Anttoni Olaizolaren seme-alaba gazteenak dira; Fernandorekin, eta hilda dauden Martin, Javier eta Jexuxekin, zazpi senideko familia osatzen zuten. Jexux (1963) eta Martin (1967), Jexux zenaren semeak; eta Fernando (1974), Fernandoren semea, dira Aitzakiren azken urteetan sagardotegian lan egin zuten lehengusuak.

 

 

Jeneroa, norbere kontura

Pedro Arakistainek eta Juan Olaizola bere koinatuak jarri zuten martxan Aitzaki; gerra ondorengo urteetan izan zela diote Pedroren seme-alabek; ez dute data zehatzik gogoan. "Gerra aurretik, soziedade bat omen zen gerora Aitzaki egon zen tokian. Gure aita eta osaba hango bazkideak izan ziren. Gerra etorri zenean desegin omen zen soziedadea, eta ondoren hasi ziren sagardotegiarekin aita eta osaba. Osaba eta lehengusuak aspertu, eta gure aitak eta anaiek jarraitu zuten Aitzakirekin", kontatu du Fatimak. Familia osoak zuen lotura estua Aitzakirekin, baina Jexux, Javier, Luxiano eta Angel ziren, batik bat, aitarekin batera aurrena eta haren lekukoa hartuta ondoren, sagardotegian lan egiten zutenak. Sagardotegian lan, baina bakoitzak bere lanpostuan lanaldia bete ondoren, beti ere. Luxianok dioen bezala, "Aitzakitik jubilaziorik ez du inork kobratu".

Aitzaki sagardotegia zen, baina ez gaur egungo sagardotegiak bezalakoa. Urte askoan, astelehenetik igandera, "egunero" irekitzen zuten; astegunetan, iluntzetan bakarrik, eta igande eta jaiegunetan eguerdietan ere bai. Angelek jarri zuen bidea igandeetan ixteko: "Ni ezkondu nintzenean hasi ginen igandeetan ixten, edo andregaia topatu nuenean, horixe ez dakit garbi orain... Noski, neskarekin irten beharko ginen ba!". Jexuxek gogoan dauka beren aita "bazkalondoan edo bostak alderako" nola joaten zen Aitzakira. Telefonican egiten zuen lan hark, goizago libratzen zen lanetik, eta beste hiru anaiak tailerretik libratzerako lanak aurreratzen zituen. Sei eta erdiak aldera irekitzen zuten eta gaueko hamarrak aldean itxi, astegunetan behintzat. "Horregatik ez zen ematen kaferik, hurrengo egunean lanera joan behar izaten zen eta", dio Jexuxek.

Bezeroek eramaten zuten jan behar zutena Aitzakira, hangoek parrilan presta zezaten. Hori zen, batik bat gaurko begietatik ikusita, Errebaleko sagardotegiaren berezitasun nabarmenena. Edatekoa eta postrea –gazta, menbrilloa eta Artinata gailetak, Aitzakiko copa de la casa– jartzen zituzten sagardotegikoek. Txuletak –bereziki–, saiheskia, legatz-kokoteak, bisiguak... angulak ere parrilan prestatzen zituzten; eta hiru anai-arrebak bat datoz parrilan esku onena zuena Jexux anaia zela esaterakoan.

Famatua zen Aitzakiko entsalada ere, eta hura prestatzen abilena Luxiano, haren anai-arrebek zein ilobek diotenez. Osagai sekreturik ez dute aipatzen Luxianok eta Angelek, baina bai zenbait argibide: entsalada, fuente atalean; tomatea eta letxuga, ahal dela, nahastu gabe; tomatea "eskuetan eta kantoka" ebakita; eta letxuga eskuekin nahastuta.

 

 

Toreroak, Wolde, Busca Isusi

Jatekoa, lagunartea, tokiaren berezitasuna... xarma zuen Aitzakik. Betiko bezeroen fideltasuna oinarri, saninazioetan festara etortzen zirenak ere saldoka joaten zitzaizkien; baita toreroak ere: Espartaco, Curro Romero, Camino... Mamo Wolde atleta handia ere iritsi zen Errebaleko sagardotegira. Saninazio batzuetan Busca Isusi sukaldariak perretxiko kirtenekin prestatu zuen zopa "mundiala" ere gogoan dute aitzakitar zaharrenek, sukaldean utzi zien kuxidadea bezalaxe. Garbiketaz hitz egiten hasita, emakumeen ardura zela garbi utzi dute: Fatimak aurrena eta Maxi Elorzak gero –Jexux zenaren ematea– garbitzen zituzten egunero Aitzakiko ontziak. "Eta orduan ez zen garbigailurik, e? Ezta ur berorik ere, gerora arte!", dio Fatimak.

Bigarren belaunaldikoen nekeak, gazteenen lan-munduratzeak, ohitura berriek... Denek egin zuten bat duela 25 urte, Aitzakiri betirako agur esateko. "Itxi beharra zegoen", diote gazteenek. Osabek eta izebak bezala, argi dute Aitzaki "beste garai batekoa" zela.