Umeen gutun ugari jaso dituzte Errege Magoen laguntzaileek

Uztarria.eus 2019ko urt. 4a, 19:48

Errege Magoen laguntzaileak izan dira gaur arratsaldean Azpeitian. Tronpetaz eta danbor hotsez lagunduta iritsi dira Sanagustingo arkupeetara, eta ordurako haur ugari zeuden haien zain. Ilaran zeuden umeek gutunak eman dizkiete Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren laguntzaileei, eta haiek gozokiak banatu dizkiete bertaratu direnei. Ilusioz beteta atera dituzte haurrek argazkiak Errege Magoekin.

Gaur laguntzaileak izan dira Azpeitian, eta bihar, larunbata, Errege Magoen txanda izango da. Aurten, baina, aldaketa nabarmen bat izango da horien iritsieran; izan ere, Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da, eta txu-txu trenean helduko dira Erregeak Azpeitira. Lasaora 17:00etan iritsiko dira, eta 17:30ean Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiaren aurrean izango dira. Errege Magoek parrokiako jaiotza ikusiko dute, eta bertaratzen diren haurrak agurtuko dituzte.

Kabalkada, berriz, 19:00etan hasiko da, ohi bezala, igerilekuaren aurretik. Urteroko legez, herriko gaztetxoen laguntza izango dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ibilbidean. 20:00ak aldean iritsiko dira horiek denak plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira Errege Magoak. Ibilbidean zehar 600 kilo gozoki inguru banatuko dituzte Erregeek.