Udal eta foru hauteskundeak 2019

Herritarren kezkak eta beharrak ezagutzeko galdeketa prozesua egingo du EH Bilduk

Uztarria.eus 2019ko urt. 4a, 13:59
Azpeitiko EH Bilduko kideak galdeketa prozesuaren aurkezpenean.

Koalizioak Zugandik hasita, herria egiten galdeketa prozesua abiatuko du udal hauteskundeen atarian. Bi bidetatik egingo dizkie herritarrei galdeketak: ausaz hautatutako 400 laguni telefonoz eta Internet bidez. Ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi du EH Bilduk, horien beharren eta kezken "argazki osoagoa" egiteko eta herriaren lehentasunak ondo definitzeko nahiz horiei erantzuteko.

Azpeitiko EH Bilduk herritarren beharrak eta kezkak ezagutzeko Zugandik hasita, herria egiten galdeketa prozesua abiatuko du udal hauteskundeen atarian. Bi bide baliatuko ditu koalizioak herritarrei galderak egiteko: batetik, talde profesional batek ausazko galdeketak egingo dizkie herritarrei telefono bidez; eta, bestetik, herritarrek Internet bidez erantzun ahal izango dituzte galdetegiak.

400 herritarri egingo dizkiete telefono bidezko galde-sortak, eta koalizioak azaldu duenez, edozein herritarri deitu ahal izango diote lan hori egiteaz arduratuko diren profesionalek. Internet bidezko galdetegiak, berriz, honako lotura honetan bete ditzakete herritarrek. Galdetegi horiek irekiak dira, eta koalizioak jakinarazi duenez, ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute, horien beharren eta kezken "argazki osoagoa" egiteko. "Ahalik eta herritar gehienen iritziak bildu nahi ditugu, kolektibo, behar eta bizimodu guztiak kontuan izanda, eta denen hitza entzunda". Izan ere, "geroaren protagonista" azpeitiarrak izatea nahi du EH Bilduk: "Guk geuk erabaki nahi ditugu herri honen erronkak eta lehentasunak".

Koalizioak esan duenez, orain arte Azpeitian egindako lanari jarraipena eman nahi dio. "Azken urteetan Azpeitian erakutsi da posible dela gauzak beste modu batean egitea, eta eredu berritzailean eta irekiagoan lan eginez, kudeaketan eraginkorragoak izan gaitezkeela". Horri lotuta, datozen udal hauteskundeen ostean, "herritarren zerbitzura" arituko den udal talde bat nahi dutela ere esan dute EH Bilduko kideek. "Bide horretan sakontzeko, herritarrengan jarri behar da abiapuntua ezinbestean". Horregatik, herritarrei iritzia emateko tartea hartzeko deia egin die koalizioak, iritzi eta ekarpen "bakoitza eta guztiak" direlako beharrezkoak, herriaren lehentasunak ondo definitzeko eta horiei erantzuteko.