Nuarbe auzoa ur hornidura sare nagusira lotuko dute

Uztarria.eus 2019ko urt. 3a, 16:57
Nuarbe auzoa.

Auzoa uraren hornidura sare nagusira konektatzea adostu dute Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak, eta lanok 2022rako egitea aurreikusten dute. Aldundiak finantzatuko ditu obrak. Nuarbeko Ibai-Eder urtegia 1991. urtean eraiki zuten, eta orduan uraren sare nagusitik kanpo utzi zituzten haren inguruan dauden landa eremuko auzoak.

Nuarbe auzoan hainbat arazo izan dute urarekin urteetan, eta egoerari irtenbidea emateko beste urrats bat egingo dute erakundeek. Hain zuzen ere, auzoa uraren hornidura sare nagusira konektatzea adostu dute Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak, eta obra horiek 2022ra arteko plangintzan sartu ditu kontsortzioak. Udalak jakinarazi duenez, ekainean adostu zuten lanok egitea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu horiek. Nuarbe auzoa ur hornidura sare nagusiarekin konektatzeaz gain, saneamenduko obrak ere egingo dituzte, eta 1.175.000 eurokoa da lanen aurrekontua.

Nuarbeko Ibai-Eder urtegia 1991. urtean eraiki zuten, eta orduan uraren sare nagusitik kanpo utzi zituzten haren inguruan dauden landa eremuko auzoak. Orduz geroztik, urari lotutako hainbat arazo izan dute Nuarbeko bizilagunek; tarteka, auzoko hainbat etxetara ur zikina iristen zen –honako lotura honetan irakur daiteke ur zikina zela-eta Urola Kostako Hitzak egindako erreportajea–. Dena den, Udalak arazo horri irtenbidea emateko ur hornidura sarea egokitzeko lanak egin zituen joan zen udaberrian, baina Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, neurri horiek "behin-behinekoak" izan ziren: "Nuarbek bere ur gordailua du, baina arazoa biltegiarena izan zitekeelakoan, udaberrian ura Beizamako depositutik bideratu genuen Nuarbera".

Bereziartuak azaldu duenez, "ezinbestekoa" da etxeetan ur garbia eta kalitatezkoa izatea. Haren arabera, Udalak ez du "etsi" hori lortu arte: "Gaur egun ur garbia heltzen da auzoko etxe guztietara, baina behin-behineko irtenbidea eman zaio orain arte". Horren aurrean, arazoa behin betiko konpontzeko, Nuarbe ur hornidura sare nagusira lotzeko esakera egin zion Udalak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari. "Paradoxikoa da Nuarbe ur hornidura sare nagusira lotu gabe egotea, urtegia auzoan bertan izanda", azaldu du Udalak.