Zaldiak, hazi eta hezi

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urt. 3a, 11:12

Zaldi hezitzaileak dira Unai Segurola eta Edurne Etxabe. Beizaman, bizi diren baserrian, bost zaldi dituzte. 'Reining' modalitatean lehiatzen dira. Uztarria aldizkariaren 2018ko abenduko zenbakian Nora Alberdik osatutako Klik! argazki-erreportajea da honakoa. 

'Reining' modalitatea

Jatorria westernean duen 'reining' modalitatean aritzen da Segurola. Hark dioenez, modalitate horretan aritzeko zaldiekin "oso sentibera" izan behar da: "Ez da zaldia inoiz ezertara behartu behar. Are gehiago, riendak flojo-flojo utzi eta ipurdia sartuta, atzeko hankekin arrastan frenatu behar da, beraiek naturalki egiten duten moduan". Argazkian, zaldi hezitzailea 'Amets' zaldiaren gainean, etxe ondoko zelaian.

Pasioa

Sakrifizio handia eskatzen duen kirola da 'reining'-a. Dena den, Segurolak dioenez, eguneroko lanarekin konexio berezia sortzen da zaldizkoaren eta zaldiaren artean. Lehiaketetan zaldiak zer heziketa jaso duen erakutsi behar izaten diote epaileari, hau da, doma. Horregatik, zaldiak hezten ordu ugari pasatzen dute Segurolak eta Etxabek. "Zaldiak familiako kide bat gehiago dira", haien arabera. Irudian, Etxabe zaldi batekin.

Hastapenak

Txiki-txikitatik animalien artean bizi izan da Segurola. Osabaren zaldiekin piztu zitzaion haiekiko afizioa, eta orain dela hamar urte eskuratu zuen bere lehen zaldia: 'Sugar' –gaur egun 19 urte ditu zaldiak–. "Zaldi batekin hasi nintzen, gero beste batekin... zaldien afizioa barnean sartuta nuela konturatu nintzenera arte", azaldu du. Irudian, Segurola txikitan, osabaren zaldietako batekin.

'Cuarto milla' arraza

Edozein zaldi ez da egokia 'reining' modalitatean aritzeko. Segurolaren eta Etxaberen arabera, Cuarto de Milla arrazakoak dira onenak ariketak-eta ondo egiteko. Izan ere, haien arabera, fisiko egokia eta ariketetarako erraztasuna dute horiek. "Dena den, bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera, zaldi hobeak, prestakuntza gehiago, instalazio hobeak... lor daitezke". Irudian, Segurola, Etxabe eta horien Oihane alaba, 'Amets' eta 'Lena' zaldiekin.

Etxeko zaldiak

Segurolak 'Sugar' zaldiarekin parte hartu zuen lehen aldiz lehiaketa batean. Hainbat urtez 'Amets'-ekin ibili ostean, bi moxal etorkizunean lehiatzeko prestatzen ari dira gaur egun.

Lehena Euskal Herrian

Azpeitiarra izan zen 'reining' modalitatean lehiatu zen lehen euskal herritarra; hain zuzen ere, 2013an parte hartu zuen aurrenekoz. Segurolaren arabera, baina, gaur egun ere "bakanak" dira horretan aritzen diren euskaldunak. Katalunia aldean modalitate horretan aritzeko joera dagoela azaldu du, eta hara joateko ohitura dutela ere esan du. "'Reining'-erako pista egokirik ez dago Euskal Herrian, horretarako lur berezia behar delako. Guk etxean dugu pista txiki bat, Gasteiztik ekarri genuen hondarra, eta etorkizunean gune handiagoa egokitu nahi dugu".


 

Elkartea sortu dute

Ameriketako Estatu Batuetako NRHA elkartearen filiala sortu dute Espainian. Ordura arte Espainiako federazioak antolatzen zituzten lehiaketekin gustura ez, eta elkartea osatu zuten 25-30 lagunek. Orain, udaberritik udazkenera bitartean hiru proba egiten dituzte: Errioxan, Zaragozan eta Bartzelonan. Aurten, proba horietan lortutako puntuei esker, finalerako txartela lortu zuen Segurolak. Gaur-gaurkoz maila gorenean lehiatzen da azpeitiarra.

 

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu