Joxe Apalantza kirolariak irekiko du Añotako txotx denboraldia ostiralean

Uztarria.eus 2019ko urt. 7a, 10:14
Joxe Apalantza. (Gailurra XTreme 3ME)

Kupelen irekiera ekitaldia 20:00etan egingo dute, eta horretaz Gailurra XTreme 3EM saioa irabazi berri duen Joxe Apalantza errezildarra arduratuko da. Jai giroa izango da nagusi Elosiagako sagardotegian, afariaz gain, bertsolariak eta Kupela taldearen erromeria izango baitira.

Urtero legez, Gabonak igarota eta San Sebastian jaien atarian zabalduko dute Elosiaga auzoko Añota sagardotegiko txotx denboraldia. Aurten ere jai giroan egingo dute ekitaldia, eta Joxe Apalantza kirolariak izango du lehen upela zabaltzeko eta sagardo berriari lehen tragoa emateko ardura; izan ere, errezildar kirolariak ETB1eko Gailurra XTreme 3EM saioa irabazi berri du. (Honako lotura honetan irakur daiteke duela aste batzuk Urola Kostako Hitzak Apalantzari egindako elkarrizketa).

20:00etan hasiko da irekiera ekitaldia, eta Apalantzaz gain, bertan izango dira hainbat bertsolari, hala nola Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua. Bertaratzen direnek sagardotegi menuaz gozatu ahal izango dute afalorduan, eta behin sabelak betetakoan, Kupela taldearen erromeria izango da.