%25 igo dira Uztarria.eus-eko bisitak 2018an

Uztarria.eus 2019ko urt. 2a, 14:15

1.688.692 bisita izan ditu Uztarria.eus webguneak 2018an, 4.626 baino gehiago eguneko. Iaz, berriz, 1.350.579 bisita izan zituen webgune honek. Bisitariek, guztira, ia bost milioi orri zabaldu dituzte urte osoan zehar Uztarria.eus-en. Aurten ere, bisita gehienak telefono mugikorretatik etorri dira, bisiten %64,78.

2018an ere marka guztiak hautsi ditu Uztarria.eus-ek bisitei dagokienez. Izan ere, webgunea sortu zenetik, Uztarriaren webguneak gora egin du bisita kopuruari erreparatuz gero. Uztarriak bi neurgailu erabiltzen ditu datuak biltzeko: Google Analytics eta StatCounter. Lehen neurgailu horrek erakusten dituen bisitei dagozkien datuak beti izaten dira StatCounterrek jasotakoak baino apur bat txikiagoak. StatCounterrek 2005etik jasotzen ditu Uztarria.eus atariaren datuak, eta horiek publikoak dira; sarean ikus daitezke. 2018an, StatCounterren arabera, ia-ia bi milioi bisita izan zituen Uztarria.eus-ek, 1.988.141 bisita; aldiz, zabaldutako orrialde kopurua 4.800.287 izan zen, neurgailu horren arabera.

Bi neurgailuen datuek erakusten dute Uztarria.eus-eko bisita eta zabaldutako orri kopuruek gora egin zutela 2018an. Hain zuzen ere, asko igo dira bai bisitak eta bai orrialde kopuruak, 2017ko datuekin alderatuz gero. Google Analytics-en datuei erreparatuta, 2018a izan da orain arte webgune honek bisita gehien izan dituen urtea; izan ere, bukatu berri den urtean, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, 1.688.692 bisita izan ditu Uztarria.eus-ek (2017an baino %25 gehiago; orduan 1.350.579 bisita izan zituen webgunean Google Analytics-en arabera). Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du; iaz, egunero 4.626 bisitari izan zituen Uztarria.eus-ek. Bisita horietan, batez beste, bi minutu eta erdi pasatxo igarotzen dituzte erabiltzaileek; 2 minutu eta 39 segundo, hain zuzen ere.

Zabaldutako orrialde kopuruak ere nabarmen egin du gora; iaz 4.763.929 orri ireki zituzten herritarrek webgune honetan, eguneko 13.051 orri inguru. Zabaldutako orrialde kopurua %33 inguru hazi da, 2017ko datuekin alderatuta.

Hainbat datu

Azken urteetako bilakaerarekin jarraitzen du Uztarria.eus-ek; izan ere, gero eta gehiago dira Uztarria.eus-eko edukiak telefono mugikorretatik irakurtzen dituzten erabiltzaileak. 2017an lehen aldiz izan ziren bisiten erdia baino gehiago (%57,39) eskuko telefonoetatik iritsitakoak; 2018an gora egin du kopuru horrek, bisiten %64,75 izan dira mugikorretatik eginak. Ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %28,47 eta %6,78 izan dira hurrenez hurren.

Sare sozialetan egindako argitalpenetatik Uztarria.eus-era sartutako erabiltzaileen bisita kopuruak behera egin du aurten ere; izan ere, 2016an bisiten %24 inguru iritsi ziren sare sozialetatik, 2017an %20 inguru eta 2018an %17,32. Sare sozialetatik bideratutako bisiten kopuru handiena Facebooketik iritsi zen iaz ere, %80,19. Twitterretik iritsitakoen kopurua %19,68 izan zen eta %0,1 Istagrametik sartutakoena.

Uztarriak joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda, baina horiez gain, aipatzekoa da erabiltzaileek gehien bisitatu dituzten orriak Aktualitatea, Hilberriak, Agenda eta 2018ko Pourra izan zirela.

Eskerrik asko, 2018an Uztarria.eus bisitatu eta elikatu duzuen guztioi. Datu horiek guztiak pizgarriak dira guretzat, lanean jarrai dezagun. Eta ez ahaztu: zuek ere bazarete Uztarria.eus, eta zuen egitasmoen, lanen edo ideien berri emateko gaude. Uztarria Komunikazio Taldeak, baina, herritarren laguntza behar du bere jarduna garatzeko, hilabetekaria eta Uztarria.eus sostengatzeko. Horregatik, herritarrei bazkide egiteko deia egin nahi dio Uztarriak.