Mikel Larrañagak irabazi du Urrezko Aizkolari Kopa

Uztarria.eus 2019ko urt. 1a, 15:20

Iazko edizoan bezala, Mikel Larrañaga azpeitiarrak irabazi du aurtengoan ere Urrezko Aizkolari Kopako finala. Atzo, Urtezahar egunean, Asteasun (Gipuzkoa) jokatu zituzten finalak, eta aizkolari azpeitiarrak 36 minutu eta 20 segundo behar izan zituen hamasei kanaerdiko ebakitzeko. Xabier Orbegozo Arria V.a lehiatu zen harekin batera, eta bigarren postua eskuratu zuen errezildarrak, 37:52 denborarekin. Iñaki Azurmendik eskuratu zuen hirugarren postua; dezente denbora gehiago behar izan zuen hark lanak amaitzeko (42:23).

Gabonetako Harrijasotze Txapelketa ere jokatu zuten atzokoan, eta Inhar Urruzuno nagusitu zen, 90 altxaldirekin. Haren atzetik sailkatu zen Xabier Peña , 87 altxaldirekin, eta Imanol Albizu Goikoetxek eskuratu zuen hirugarren postua (82 altxaldi).

Bestalde, Gabonetako Emakumeen Ingude Txapelketa jokatu zuten ,eta Virginia Finolek irabazi zuen, 95 altxaldirekin. Bigarren postua Maika Ariztegik eskuratu zuen (93 atxaldi), eta Karmele Gisasolak hirugarrena (89 altxaldi).

Jaialdi jendetsua izan zen atzokoa, eta giro ederra nagusitu zen.

(Argazkiak: Ibon Errazu)