Presoen auzia askatzeko unea dela aldarrikatu dute ehunka lagunek

Uztarria.eus 2018ko abe. 31a, 20:46

Urtero egin bezala, euskal presoen aldeko urteko azken manifestazioa egin dute gaur, abenduak 31, Azpeitian, Denok batera, presoak etxera lelopean. Ehunka lagunek hartu dute parte herriko kaleetan zehar egin duten mobilizazioan. Igerileku aurretik abiatu da manifestazioa, eta plazan eman diote amaiera. "Bakegintza eta elkarbizitza oinarri hartuta, orain presoen auzia askatzeko unea dela aldarrikatzeko batu gara azken hilabete hauetan, jendartearen gehiengoaren nahiari jarraituz. Horretarako, espetxe politika definitzen duten estatuengan eragitea dagokigu, aurrera urratsak egitea guztion ardura baita", adierazi dute Sareko kideek. Horren harira, "giltza" gizarte zibilaren "aktibazioan" dagoela esan dute: "Eragile, politikari, alderdi, ordezkari, sindikatu, instituzio eta norbanako ororen aktibazioa eta inplikazioa bultzatzea da gakoa". Halaber, espetxe politika aldatzeko kontsentsua "erabatekoa" dela adierazi dute: "Horren adierazle da Azpeitiko udaletxean zein beste udaletxe askotan gehiengoz onartzen ari diren mozioak, aldaketa horri maila instituzionalean ere indarra ematen diotenak". 

Egindako urratsak aipatu ez ezik, "aktibaziorako unea" dela aldarrikatu dute gaurko mobilizazioan: "Aspaldian izan dugun aukerarik onena daukagu orain eskuartean, elkarbizitzarako, elkarrekin aritzeko eta guztiontzako izango den bakea eraikitzeko". Horrenbestez, presoen auziak "erabateko konponbidea" izan dezan "elkarlanean" aritzearen garrantzia azpimarratu dute: "Bakoitzak bere eremutik jendartearen desioak eta beharrak egingarri bilakatzeko urratsak egin behar ditu". 

Era berean, urtarrilaren 12an Bilbon zein Baionan egingo den manifestazio nazionalera joateko deia egin dute. Azpeititik autobusak antolatu dituzte, eta nahi dutenek Orkatz zein Niza tabernetan egin dezakete izen-ematea. Manifestazioaren egunean 15:30ean irtengo dira autobusak anbulatorio aurretik.