Aitor Mimenzak eta Jone Zabaletak irabazi dute XVIII. San Silbestre lasterketa

Uztarria.eus 2018ko abe. 31a, 16:38

Ohi bezala, urteari amaiera ona emateko, XVIII. San Silbestre lasterketa jokatu dute gaur Azpeitian, Xeye atletismo taldeak Udalaren eta Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin antolatuta. Hotz egin duen arren, jende ugari animatu da korrika egitera, eta antolatzaileek azaldu dutenez, dortsal guztiak agortu dira. Beraz, guztira, 900 partaide inguru izan da gaurko proban. Gainera, jendetza bertaratu da lasterketa ikustera.

Ez da sorpresarik izan aurtengo edizioan: izan ere, gizonezkoetan, Elorrioko (Bizkaia) Aitor Mimenza nagusitu da, iaz bezala; 19:54 denbora behar izan du 6,2 kilometroko ibilbidea amaitzeko. Emakumeetan, berriz, Jone Zabaleta azkoitiar gaztea izan da azkarrena, 22 minutu eta 47 segundoko denborarekin.

Gizonezkoetan, Jon Perez azkoitiarra sailkatu da bigarren (20:17), eta Zaldibarko (Bizkaia) Aitor Sandino hirugarren (20:53). Gizon azpeitiarretan azkarrena Javier Egiguren izan (21:37) da, eta azkoitiarretan, Perez bera. Emakumeetan, berriz, Olatz Flores zarauztarra sailkatu da bigarren postuan (23:14), eta Garazi Artola hirugarrenean (25:04). Azpeitiarrik azkarrena Maider Korta (25:07) izan da, eta azkoitiarrik azkarrena Jone Zabaleta.

12:00etan hasi da proba nagusia, baina horren aurretik, 11:30ean, Xeyek eta Txolartek elkarlanean antolatutako lasterketa irekia egin dute. Haur nahiz heldu, jende ugari animatu da inklusioaren alde korrika egitera.

Ikusi XVIII. San silbestre lasterketako sailkapena osorik, hemen.