Lan istripuz hildakoak gogoan, langileen arteko elkartasunerako deia zabaldu dute Azpeitian

Uztarria.eus 2018ko abe. 30a, 21:59

Itzalitako argiek piztuko dute sua lelopean, manifestazioa egin dute gaur, abenduak 30, Azpeitian, lan istripuz hildako langileak oroitzeko eta langileen arteko elkartasuna aldarrikatzeko. Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Basanderiek asanblada feministak, CNT sindikatuak eta Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitu dute mobilizazioa.

Manifestazioa deitu duten eragileek jakinarazi dutenez, aurten, 68 langile hil dira Euskal Herrian, "edozein eratako lan istripuen ondorioz". Beste datu bat ere eman dute: "2000. urtetik gaur egunera arte 3.000 langiletik gora hil dira Euskal Herrian". Datu horiei erreferentzia eginda, lan arloan jazotzen diren ezbeharrak "ohikoak" direla salatu dute, eta ibilbidean zehar nahiz amaieran egindako ekitaldian gogoan izan dituzte "lan asalariatuaren ondorioak": "lehiakortasunaren inposizioa, kontrol teknikoa, soldata jaitsierak, sexuen araberako lan banaketa eta segregazioa, lan kaleratzeak, ezegonkortasuna, inposatutako aparteko lanaldiak, emakumeek jasandako soldata arrakala, antsietatea, estresa zein depresioa, aisialdirako denbora ororen ukapena eta ikasketak ordaintzeko baldintza eza", besteak beste.

Halaber, sistema kapitalistak norbanako bakoitza "atomizatzen" duela esan dute, eta horren aurrean langileak elkartzeko beharra azpimarratu dute: "Elkar bat egitea eta laguntza zein espresio kolektibo ezberdinak osatzea eragozten digute. Egiari egia, eta arazo kolektiboari erantzun kolektiboa". Horren harira, azken urteotan gorpuztu diren "langileriaren antolakuntza esperientzia positiboak" izan dituzte gogoan, eta honako hauek aipatu dituzte: "etorkinen eta errefuxiatuen babeserako mugimenduak, emakumeen autodefentsa dinamikak, ikasle autodefentsa sareen eraikuntza institutu zein unibertsitateetan, gaztetxeen eta gazteen auto-antolakuntza esperientzien biderkatzeak, pentsiodunen borroka nekaezina eta orotariko erasoen aurrean lanpostuetan egindako lan sindikala". 

Amaitzeko, "zapalduek jasaten duten jazarpena bistaratzeko eta langileen borroka hauspotzeko" lanean ari diren eragile eta norbanakoei eskerrak eman dizkiete mobilizazioaren deitzaileek. Mikel Laboaren Langile baten galderak liburu baten aurrean abestiaren doinuez lagunduta, su eman diote hil diren langileen omenez egindako mural bati. 

Hona hemen deitzaileek manifestazioaren amaieran irakurritako oharra, osorik:

"Hemen gaude bigarren urtez jarraian, sistema kapitalistak erail dituen lankideei omenaldi xume bat egiteko, omenaldi lazgarria bezain beharrezkoa. Gure haserrea erakutsi eta kalera ateratzea garrantzitsua dela deritzogu,  nahikoa dela argi eta garbi adierazteko.

Iaz, bederatzien sugarra garraxi bakarra lelopean atera ginen guztiok kalera, eskualdean hil zituzten 9 lankideak gogoratzeko asmoz. Aurten berriz, ez dugu eskualdean horrelako gertakari tristerik izan baina Euskal Herrian 68 hildako izan dira; soberan beraz, kalera atera eta egoera gogor salatzeko. Inoiz ez dakigu bihar zer gertatuko den;  oraina menperatu ezean ezin baitugu gure etorkizuna determinatu. Atzera begiratuz gero, zehazki 2000. urtetik hona,  3000 dira gure lurretan hil diren langileen kopurua. Amets gaiztoa dirudien arren, eguneroko beharra heriotzaren giltza bilakatzen da sarri, ekoizpen kostuak murriztearen arrazoipean langileen gutxieneko segurtasun baldintzak murrizten baitira.

Lan asalariatuak ordea, ez du heriotza bakarrik eragiten. Langileoi, bestelako hamaika eraso eta zapalkuntza jasotzera kondenatu gaituzte gure egunerokoan; bizitza bera heriotzaren bezpera bihurtuz: lehiakortasunaren inposizioa, kontrol teknikoa, soldata jaitsierak, sexuen araberako lan banaketa eta segregazioa, lan kaleratzeak, ezegonkortasuna, inposaturiko aparteko lanaldiak, emakumeek jasandako soldata arrakala...

Aldi berean, soldatapeko dinamikak lanpostuetatik haratago ere eragiten digu, gure bizitza guztiz baldintzatzeraino; langile izatea bizi baldintza baita eta ezinbestean existentzia osoari eragiten dio. Horren adibide dira egoera ezin kaskarragoetan lanpostu bila gure familietatik urruntzea,  familia aurrera ateratzeko zailtasunak izatea, pentsioen murrizketa, familia koordinatzeko arazoak, estresa eta depresioa, etxe kaleratzeak, aisialdirako denbora ororen ukapena, ikasketak ordaintzeko baldintza eza. Gure arabera moldatua izan ez den gizarte batean bizitzea egokitu zaigunon baldintza sozialak dira honakoak, bizitzaren osotasuna zeharkatzen dutenak, gazte- gaztetatik zahartzarora arte.

Hori gutxi balitz, norbanako bakoitza banandu eta atomizatzen du sistema honek, arazo guzti hauek norberaren errua dela sinestaraziz. Elkar bat egitea eta laguntza zein espresio kolektibo ezberdinak osatzea eragozten digute. Egiari egia, eta arazo kolektiboari erantzun kolektiboa!

 Elkartu ezean esplotaziora kondenatu nahi gaituzte behin betiko. Gure bizitzen esparru guztietan kontrola galdu eta elkarren arteko harremanak baldintzatu dituzte, harreman kolektiboak ezbaian jarriz.

Egoera tamalgarri honen aurrean langile guztiok elkartu beharrean aurkitzen gara eta ari gara. Mila adibide eta esperientzia interesgarri ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan lanean dihardutenak; eta honi eutsi zein hauspotzea denon ardura da: etorkin eta errefuxiatuen babeserako mugimenduak, emakumeen autodefentsa dinamikak, ikasle autodefentsa sareen eraikuntza institutu zein unibertsitateetan, gaztetxe eta gazteen auto-antolakuntza esperientzien biderkatzeak, pentsiodunen borroka nekaezina, orotariko erasoen aurrean lanpostuetan buruturiko lan sindikala,  etabar luze bat.  Elkartasunez eta batasunez indarrak biderkatzeko premia dugu, errealitatearen jabe egin eta langileok baturik elkarren babesa antolatu, artikulatu eta borrokatzeko".