Mari Jose Aranguren: "Gure ekonomian indargune asko ditugula uste dut"

Berria 2018ko abe. 30a, 16:22
(Argazkia: Deusto)

Euskal ekonomiaren sendotasunen eta ahultasunen berri zuzenean dauka Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko buruzagiak. Eta etorkizunari baikor begiratzen dio. 

Bostondik (AEB) iritsi berri, Mari Jose Arangurenek (Urrestilla, Azpeitia 1969) tarte bat hartu du zuzenean ezagutzen dituen euskal ekonomiaren erronkei buruz gogoeta egiteko.

Nazioarteko hainbat forotan eta bilgunetan ibiltzen zara. Hurrengo hilabeteei begira, zein da horietan antzeman duzun giroa? Nola dago jendea, baikor, ezkor?

Aurreikuspen batzuk ikusi dira, eta esan dute hazkundearekin jarraituko dugula baina hazkunde hori pixka bat motelagoa izango dela. Joerak eta zikloak hor daude, baina nik uste dut gure ekonomian indargune asko ditugula. Industriak pisu handia du gurean, eta, hain zuzen, industrian aldaketa handiak gertatzen ari direla, gure enpresak aurreratu egin dira horietara. Ikusi dut enpresetan eskariak ugaritzen ari direla, enpresak jendea kontratatzen ari direla, langabezia jaisten ari dela, datorren urtean langabezia gehiago jaitsiko dela aurreikusten dela... Ni neu baikorra naiz gure ekonomiaren bilakaeraren inguruan.

Baina ziurgabetasunak hor daude, ezta? Lehiakortasun txostenean ere agertzen ziren. Gatazka politikoak, automatizazioa, demografia...

Eta ziurgabetasun horietako batzuk luzerako etorri dira. Adibidez, demografiarena, lanerako adinean gero eta jende gutxiago egongo delako. Hori dela eta, hainbat politika eta neurri ari dira hartzen. Jakina, horietako askoren eragina epe ertain eta luzera etorriko da; adibidez, jaiotza tasa sustatzeko politiken eta kontziliazio politiken eragina. Hala ere, horiekin batera, immigrazioaren integrazioa ere inportantea izango da. Eta hor, zenbat eta lurralde erakargarriagoa izan, orduan eta jende gehiago eta prestatuagoa etorriko da. Erakargarritasunak, bizi baldintza egokiak, testuinguru berritzaile bat izateak jendea erakartzen du, talentua esaten dioten hori. Era berean, etorri diren horiek horren prestatuak ez badaude, horien integrazioa sustatzeko politikak eta lan merkatuan sarbidea izan dezaten horien gaitasunak lantzeko prestakuntza politikak beharko dira. Demografiaren gaian hainbat politika bateratu beharko dira, ez da nahikoa jaiotzak sustatzea edo kontziliazioa bultzatzea; talentua erakarri beharko da, integrazioa hobetu, prestakuntza ziurtatu... Eta horien guztien abiada bizkortu egin behar dela nahiko argi dago.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren atarian.