Altuna y Uria enpresak egingo ditu Urrestillako bidegorriaren bigarren faseko obrak

Uztarria.eus 2018ko abe. 29a, 20:02
Bidegorriaren lehen zatia, okindegi zaharretik Atxubiagako biribilgunera artekoa.

Udalak adierazi duenez, "eskaintza merkeena" egin du Altuna y Uria enpresak. Obraren inbertsioa 1.009.672,40 eurokoa izango da (%21eko BEZa barne).

Urrestillako bidegorriaren bigarren faseko obrak, Atxubiagako biribilgunetik Urrestillara arteko zatia, egiten hasteko lehiaketa publikoa egin du Udalak, eta aurkeztutako proiektuak aztertu ostean, Azpeitiko Altuna y Uria enpresari esleitu dizkio Udalak bidegorria egiteko lanak. Orotara, hiru enpresek aurkeztu dituzte proiektuak lehiaketa  publikora, Construcciones Moyua, Altuna y Uria eta Campezo obras y servicios eta Urbycolan enpresek, hain zuzen. Udalak adierazi duenez, "eskaintza merkeena" egin du Altuna y Uria enpresak. Obraren inbertsioa 1.009.672,40 eurokoa izango da (%21eko BEZa barne).

Bidegorriaren bigarren zatia egiteko Foru Aldundiak eta Udalak hainbat lan hartu zituzten beren gain. Proiektua egitea eta lehiaketa publikoak abian jartzea egokitu zitzaion Udalari. Gizpuzkoako Foru Aldundiaren esku gelditu zen "bidegorria egiteko beharrezkoak diren desjabetzeak" egitea. "Foru Aldundiak desjabetzeekin bukatzean Udalak kontratua sinatuko du lehieketan garaile izan den enpresarekin, eta lau hilabeteko epea izango du obrak egiteko", azaldu du Udalak.

Bidegorria egiteko obren lehen fasea –okindegi zaharretik Atxubiagako biribilgunera arteko zatia– uda aurretik bukatu zen, eta 195.539,90 eurotan esleitu zen lehiaketa publiko bidez. Bidegorria eraikitzeko idatzitako proiektua Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Urola bailarako 5. ibilbidearen zati izango da.