Trapos denda, Sugoi delicatessen eta Inar optika nagusi, Gabonetako erakusleiho lehiaketan

Uztarria.eus 2018ko abe. 29a, 19:57

Trapos denda izan da garaile Azpeitiko Gabonetako erakusleiho lehiaketan. Gaur, zapatua, eguerdian banatu dituzte sariak Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian, eta bertan jakinarazi dituzte sariketaren garaileak. Trapos sailkatu da lehenengo postuan, 134 punturekin; puntu bat gutxiagorekin, Sugoi delicatessen denda gelditu da bigarren, eta hirugarren sailkatu da Inar optika, 130 punturekin. Epaimahaia Teresa Mangas diseinatzaileak, Agustin Lizarralde zinegotziak eta Lore Garciarena Bertaneko teknikariak osatu dute; sarituek, hurrenez hurren, 600, 400 eta 200 euro jaso dituzte. Guztira, 37 dendek hartu dute parte aurtengo erakusleiho lehiaketan. Ohiko hiru sari horiez gain, Herritarren Saria banatu dute aurten, sare sozialetako bozak kontatuta. Facebook sare sozialean boto gehien jaso dituen denda Despentsa Naturala izan da, eta hark eraman du Herritarren Saria.