Euskal Herriko hainbat txokotako 200 neska-mutil inguru elkartuko dira ISBren Gabonetako topaketetan

Uztarria.eus 2018ko abe. 28a, 17:43

ISBrekin batera, parte hartuko dute jardunaldietan Tabirako, Oncineda, Araski, Easo, Ordizia, BKL, Ointxe eta Goierri saskibaloi klubek. Bihar hasiko dira Eguberrietako topaketak.

Iraurgi Saski Baloi klubak antolatuta, ISBren Gabonetako Topaketak jokatuko dira asteburuan Azpeitian. Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako 200 neska-mutil inguruk hartuko dute parte jardunaldietan. Topaketak bihar  goizean, 10:00etan, hasiko dira. Parte-hartzaileek bi lekutan jokatuko dituzte partidak, Udal Kiroldegian zein Urola ikastolako kantxetan, hain zuzen. Eguerdi aldera, Sanagustin kulturgunera joango dira bazkaltzera, eta arratsaldean lehen fasea amaituko dute. Igande goizean, berriz, finalerdiak eta finalak jokatuko dira.

Nesketan, bederatzi talde arituko dira lehian, hiru multzotan bereizita: Durangoko Tabirako, Donostiako Easo eta Iraurgi K; Beasaingo BKL, Gasteizko Araski  eta Iraurgi A; eta Ordizia, Lizarrako Oncineda eta Iraurgi B. Kiroldegian jokatuko dituzte lehen faseko neurketak eta arratsaldean erabakiko da, Urolan, nortzuk jokatuko dituzten igandeko finalerdiak.

Mutilei dagokienez, zazpi taldek hartuko dute parte –Easo, Ordizia, BKL, Arrasateko Ointxe, Urretxuko Goierri eta Iraurgiko bi-; denek denen aurka jokatuko dute goizez eta arratsaldez, Urolan eta Kiroldegian, hurrenez hurren, igandeko finalerdiak helburu. Azken faseko finalerdi horiek kiroldegian izango dira 10:00etatik aurrera, eta finalak eguerdiko 13:00etan jokatuko dira. Sailkapeneko gainerako ohorezko postuen lehiak Urolan jokatuko dira 09:00etatik aurrera.