Ez al da hainbesterako?

Ion Pozo Agirretxe 2018ko abe. 27a, 17:05

Orain dela gutxi, Santo Tomas egunean, gutako baten soziedadera joan ginen lagun kuadrillatxo polita, Egañanetik pastelak hartuta, azken urteetan egin ohi izan dugun legez, arratsaldez. Eguerdi partetik kalean batera eta bestera ibiliak ginen, aspaldian ikusi gabeko hainbatekin nahikoa hitz eginda, giro ederrean trago batzuk hartuta eta eguneko menuaz, txistorra eta txorizoaz, bapo eginda. Deskantsu txiki bat egitea erabaki genuen, beraz, eta horren aitzakian, elkarrekin hainbat konturi buruz gustura jarduteko denbora hartu genuen.

Huelvan (Espainia) berriki eraila izan den andereñoarearenak irten zuen, beste askoren artean, eta horri buruz bakoitzak esateko zituenak atera zituen mahai gainera; justiziaren rola, kode penalaren eraginkortasuna, hezkuntzaren garrantzia… Horri lotuta, emakumeen aurkako indarkeriaren arazoari buruz ere gure pentsamenduak elkarbanatu genituen (eguerdian, eraildako emakumeen izenak erakusten dituzten plakak ere ikusiak ginen plaza inguruko kale izenen gainean), eta hari beretik tiraka, plano zabalago batera igaro ginen, hau da, guk, gizonezkook, berdintasunarekiko eta errespetuarekiko egunerokoan dugun erantzukizunari buruzko hausnarketaraino heldu ginen. Urteetan zehar, geure ikuspegia zenbateraino aldatu den komentatu zuen norbaitek; jaso genuen hezkuntza eta bizi ginen ingurunearen izaera medio, orain dela urte batzuk, nola askotan ez ginen konturatu ere egiten gizartean zen (ez dut 'genuen' idatziko, gure kontzientzia azalekoegia baitzen orduan) arazo honetaz eta, ondorioz, guri zegokigun arduraz, gizonezkoen 'talde pribilegiatuan' izaki; gaur egun berriz, nola konturatu garen zeinen oker dagoen panorama, eta zenbat egin dezakegun gizonok gauzak beste modu batekoak izan daitezen, txikitik handira bada ere, baina beti guztion bizitzak hobetzeko kontzientzia baten garapenaren bidetik. Poztu ninduen guztiok, izaera desberdineko hausnarketen bidez bazen ere, ideia nagusi hori ulertzen eta elkarbanatzen genuela garbi ikusteak, tertuliaren amaieran. Burura etorri zitzaizkidan ama, neska-laguna, adiskideak, eta batez ere, bidean datorkigun alaba txikia.

Indar berriz, batzuek kale aldera egin genuen berriro; eguna ilunduta zen ordurako. Beste batzuek etxerako bidea hartu zuten. Euririk ez zen, jendetza kaleetan, tabernak lepo. Berriro ere batetik bestera, batekin eta besterekin jardunean, tabernaz taberna, trago batzuk gehiago, dantza pixka bat, afari izeneko otartekoak erdi-bana, txorokontuak kontu serioak baino sarriago… Ederki genbiltzan.

Eperra tabernara sartu ginen halako batean. Gauerdia izango zen. Bertan geundela, jendez inguratuta, ipurditik kolpe egin zidan norbaitek. Atzera begiratu, eta elkarri begira irribarrez hiru neska zeuden, ni baino pare bat urte helduagoak, aurpegi ezagunak, herrikoak. Esan nien ea zergatik ez zioten elkarri ukitzen ipurdia, hau zertan ari da? zioten beraien aurpegi burlosoei begira haserretuta. Elkarri begira irribarrez jarraitzen zuten bitartean, norbaitek, gutxienez, egindakoa onar zezala nahi nuen:

-"Bai, zuek ipurdia ukitu didazue, eta ez beste aldera begiratu, ezer egin ez bazenute bezala", esan nien. "Ez naun hain tontoa".

Lagun taldeko 'bizienak':
-"Guk ez, gutako batek ukitu dik". Elkarri begira barrez jarraitu zuten, ustezko pikardiaz…

Benetan ari nintzela esan nien, ez zidala batere graziarik egiten modu horretan norbaitek ez bai eta ez ez ipurdia ukitu eta, bereziki, beraiek izan ez zirelako itxurak egiten aritzeak.

Halakoren batean, nesketako batek onartu egin zuen bera izan zela, agian, beraiei tinko begira jarraitzen nuelako, haserrea aurpegian, erantzun baten zain:
-"Bueno bueno, lasai motel, esajeratzen ari haiz".

Ez, ez nintzen esajeratzen ari. Galdetu nion gustatuko ote litzaiokeen berak egin berri zuen hura berari egin izan balio kuadrilla baten babesetik ari den norbaitek. Esan nion, baita ere, nik gauza bera egin izan banu, zigorra gogorra litzatekeela, eta arrazoiarekin gainera.

-"Bai zera, ez duk hainbesterako, asko jota, jendearen ahotan ibiltzea, ez?".

Etsita, hor utzi genuen, eta nire lagun taldearengana egin nuen bira berriro. Zer gertatu zen galdetu zidan lagunetako batek, nire aurpegia ikusita, eta azaldu nionean, arratsean hitz egindakoak etorri zitzaizkigun berriro ere ahora. Horretan ginela, beranduxeago, neska horien lagun bat etorri zitzaidan, gertatutakoarekin zerikusirik izan ez zuena, gertatu zenari buruz arrazoi nuela eta lotsagarria zela esanez. Eskertu nion orduan, eta oraindik ere eskertzen diot, benetan.

Egia esan behar badut, ez da erabat zuzena esatea gehien izorratu ninduena egindakoa egin eta gero ez onartzea izan zela (nahiz eta hori ere ez gustatu, noski), hala banioen ere aurrerago. Ez, eta nire ipurdia modu hartan ukitu izanak sortu zidala haserrea. Niri berdin dit inork besoa, ipurdia edota ukalondoa ukitzen badit, baina hori nire izaera horrelakoxea delako besterik ez da. Ulertzen dut askori berdin ez izatea, eta nire errespetu eta babes osoa dute. Hala ere, sekula inori ez diot baimenik gabe eta modu txarrean horrelakorik egin. Horrelakoei dagokienean, bestelako bekaturik izango badut ere, barruak lasai ditudala esan beharrean nago. Baina horrelako bat egiten duenak, neska horrek kasu, nola daki besteari axola dion ala ez? Eta axola badio, behin okerra egin duzularik, ez diozu gutxienez onartuko gaizki egin duzunik? Lotsa puntu bat erakutsi? Barkamena eskatu, agian? Etorkizunera begira hausnarketaren bat? Berdin dit mozkortuta dagoen, festa giroan dabilen, erabat liberala dela uste duen, gizonezkoen kolektiboarekiko mendeku gisara egin duen, munduarekin haserre eta liskar bila dabilen… Alda dezagun gidoia. Jarri uki dezaten atsegin ez duen norbait (baimenik gabe behintzat, eta gutxiago ezezagun batek) gau hartan nire lekuan, eta saiatu haren inpotentzia imajinatzen. Norbaitek ipurdia ukitu, buelta eman eta hiru graxioxa elkarri begira irribarrez, erantzun txoroak, lasaitu hadi esajeratzen ari haiz… Esan bezala, neuri, ukitzeak berak berdintsu dit (ziurrenik ere, neurri handi batean, gizonezkoa naizelako), eta garbi utzi nahi nuke idatzi honen helburua ez dela kexa pertsonala. Hala ere, iruditzen zait rol aldaketa gertatu zitzaidala barruan une horretan bertan, arratsaldeko hizketaldia oraindik buruan fresko, eta horregatik sentitu nuela sentitu nuen mina, hortik baita ere nire haserrea, behingoz nire azalean hainbat eta hainbat neskak (normalean), neurri handiagoan edo txikiagoan, jasan izan eta jasaten dutena jasanez. Neu sentituz bere baimenik gabe ukitua izan eta errespeturik lortzen ez duen emakume, eta aurrean, hiru pertsonaren tentel aurpegiak, elkar hartuta, eginikoaz harro, pairatu beharrez. Are min handiagoa ematen dit hiru pertsona horiek, erasotzailea eta haren babesleak, emakumeak izan izanak, eta horixe da, lerro hauek idazten ari naizen bitartean, oraindik ezin ulerturik nabilena. Honako hauxe adieraztea da idatzi honen helburua:

Barkatuko didazue, baina ezin dut ulertu, ez. Ezin ulertu, gero eta gizon gehiago gauzak beste modu batekoak izan behar dutela jakitun, gure gizartea hobetzeko egin beharreko guztia egiteko gogotsu gauden bitartean, beren teilatuaren aurka harriak botatzen dabiltzan emakumeak nola izan daitezkeen oraindik gure artean, bakan batzuk besterik ez badira ere.

Ez diet neska hari eta bere lagunei barkamen eske etor dakizkidan eskatzen, ez dago horren beharrik, baina poztuko nintzateke, lerro hauek irakurriko balituzkete behintzat, hurrengoan harri berean (edo antzerakoan) estropozu egiterako, egitera doazen horren esanahiari eta ondorioei buruzko hausnarketatxoa etxetik eginda ekarriko balute, beraiek bezalako milaka emakume eta ni bezalako milaka gizonen mesedetan.