Urtea ondo amaitzeko eta berria hobeto hasteko irteerak antolatu ditu Lagun Onak MBk

Uztarria.eus 2018ko abe. 27a, 10:54

Abenduaren 31n, Otzaurtetik Aizkorrira joango dira, eta urtarrilaren 1ean, Erlora. Aizkorrira joan nahi duenak izena eman behar du aurrez.

Ohiturak agintzen duen bezala, Lagun Onak Mendi Bazkunak bi irteera antolatu ditu urtea amaitzeko eta hasteko. Batetik, abenduaren 31n helduen goiz ibilaldia egingo dute: 07:00etan, anbulatorio aurretik abiatuko dira, eta Otzaurtera joango dira autobusez; gero, Aizkorrira joango dira, handik Urbiara, eta Arantzazun amaituko dute txangoa. Nahi duenak Aizkorrira igo gabe Urbiara joateko aukera ere izango du. Bazkideek lau euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek sei euro. Izena emateko azken eguna abenduaren 28a izango da; Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo www.lagunonakmb.org webgunean eman behar da izena.

Era berean, urtarrilaren 1ean, Erlora irteera egingo dute, 09:00etan plaza nagusitik abiatuta. Euskal presoen eskubideen aldeko argazkia aterako dute 11:00etan tontorrean, eta turroia eta txanpaina dastatzeko aukera izango da bertan.