June Elorzak eta Eneko Sarasuak jantzi dituzte dantza sueltoko txapelak

Uztarria.eus 2018ko abe. 22a, 11:15

Etxekoak nagusi izan dira aurten Santo Tomas eguneko dantza txapelketan. Atzo arratsaldean jokatu zen Azpeitiko XVIII. Dantza Suelto Txapelketa, eta June Elorza azpeitiarrak eta Eneko Sarasua azkoitiarrak osatutako bikoteak jantzi zituen txapela eta zapia, Sanagustin kulturgunean jokatu zen 16 urtez azpiko dantzarien arteko lehian. Aurreneko bost bikote sailkatuek jaso zituzten sariak, eta bostetik lau etxeko dantzariek eskuratu zituzten. Itziar Bastida urrestildarrak eta Anaitz Lizartza azpeitiarrak lortu zuten bigarren saria. Hirugarrena, berriz, Bizkaiara joan zen, Sopelako Irati Lopezen eta Gorka Granadoren eskutik. Laugarren postuan sailkatu ziren Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta azpeitiarrak, eta bosgarren saria jaso zuten Malen Arrizabalagak eta Enaitz Segurolak; Azpeitiko bikote gazte horrek eskuratu zuen, halaber, 12 urtez azpiko bikote onenaren sari berezia. Azkenean, hamabost izan ziren parte hartu zuten bikoteak.

Jendetza batu zen, beste behin, Sanagustinen, txapelketa ikustera eta dantzarien lana txalotzera. Bukaeran, sari nagusiak banatu aurretik, aurten gaztetxoen mailan azken aldiz lehiatu diren hiru bikotek esker ona adierazi zioten Luis Alberdi Beltzari; Azpeitiko Dantza Suelto Eskolaren maisu eta txapelketaren antolatzaile denak lore sorta jaso zuen bere ikasleen eskuetatik.

Bideoan, bikote txapeldunak sariak jaso ondoren eskainitako dantza ikus daiteke. Argazki bilduma hemen ikus daiteke.