Egurra ta Kitto taldearen '10 urte' diskoaren hiru ale zozkatu ditu Uztarriak

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 18:59

Garazi Agirre, Asier Oiartzabal eta Jose Angel Iriondo dira zozketan parte hartuz Egurra ta Kittoren diskoa eskuratu duten bazkideak. Uztarria harremanetan jarriko da haiekin, eta saridunek erredakziotik pasatu beharko dute saria jasotzera.

Egurra ta Kitto musika taldeak 10 urte bete ditu aurten, eta urtemugaren harira disko berezia kaleratu du, 10 urte izenekoa. Egurra ta Kitto taldearen bosgarren lana da hori, eta Uztarria Komunikazio Taldeak diskoaren hiru ale zozkatu ditu. Atzo itxi zen zozketan parte hartzeko epea. Garazi Agirre, Asier Oiartzabal eta Jose Angel Iriondo dira zozketan parte hartuz Egurra ta Kittoren diskoa eskuratu duten bazkideak. Uztarria harremanetan jarriko da haiekin, eta saridunek erredakziotik pasatu beharko dute saria jasotzera.

Azpeitiko gazte batzuek osatu zuten Egurra ta Kitto duela hamar urte, eta urteotan hainbat taldekide aldatu egin badira ere, gaur egun hiru dira azpeitiarrak: Orhantza Alegria gitarra-jotzailea, Aitor Letamendia tronboi-jotzailea eta Iñaki Bastida bateria-jotzailea. Orotara, hamazortzi abesti jaso dituzte azken diskoan, eta horietatik hamar dira berriak. Gainerako abestiak "bereziak" direla aurreratu du Egurra ta Kittok. Diskoa Interneten jarri dute eskuragarri. Disko fisikoa ere atera dute, eta Orkatzen dago salgai. Hori kaleratzeak dakartzan kostuei aurre egiteko finantzaketa kolektiboa jarri zuen martxan Egurra ta Kittok. Azken lana Zestoako Gaztain Estudioan grabatu du Azpeitian jaiotako musika taldeak. 

Lehiaketa gehiago datozen hilabeteetan

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako lehiaketa gehiago egingo ditu datozen aste eta hilabeteetan, eta beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide! Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.