Urola Erdiko EH Bilduk bat egin du emakumeak babesteko Zestoan zapatuan egingo duten herri harresiarekin

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 12:43

Emakumeak babesteko herri harresia eraikiko dute zapatuan Zestoako plazan, Jar gaitezen euren oinetan. Sinesten dizugulako, elkartasunari erasorik ez lelopean, 19:00etan. Emakume bati babesa emateagatik salaketa jaso dute herritar batzuek Zestoan, eta herri horretako Txoko Feministak hori salatuko du larunbateko protestarekin. Urola Erdiko EH Bilduk "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkie salatutako herritarrei.

Zestoako Txoko Feministak emakumeak babesteko protesta saio bat antolatu du zapaturako, eta Urola Erdiko EH Bilduk egitasmoaren bat egin du –tartean Azpeitiko EH Bilduk–. Hain zuzen ere, emakumeak babesteko herri harresia eraikiko dute plazan, Jar gaitezen euren oinetan. Sinesten dizugulako, elkartasunari erasorik ez lelopean, 19:00etan hasita. Emakume bati babesa emateagatik salaketa jaso dute herritar batzuek Zestoan, eta Zestoako Txoko Feministak hori salatuko du larunbateko protestarekin. Izan ere, txokoaren aburuz elkartasuna ez da delitua eta ezin da kriminalizatu.

Urola Erdiko EH Bilduk oharra kaleratu du protestarekin bat egiten duela adierazteko. Koalizioaren aburuz emakume bat babesteak ezin du delitua izan: "Oraingoan Zestoan gertatu da, emakume bati laguntza eman dioten hainbat herritar epaitegian salatuak izan dira babesa adierazteagatik, elkartasunezko jarrera izateagatik". Urola Erdiko EH Bilduk "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkie salatutako herritarrei, tartean Zestoako EH Bilduko udal ordezkari bati. "Genero injustiziari eremu guztietan aurre eginez bakarrik lortuko dugu gizarte solidarioagoa eta justuagoa".

EH Bilduk azaldu duenez, indarkeria matxista sufritzen duten emakumeei bizakarrean duten zama areagoatzen zaie hainbat kasutan. "Beren sufrimendua gutxi ez, eta instituzioek beste aldera begiratzea, justiziak babesik gabe uztea edota beren kontakizuna zalantzan jartzea dira adibideetako batzuk". Koalizioaren arabera, azken hilabeteetan "urrats nabarmenak" egin dira "egoera salagarri" horiek guztiak azaleratzeko, eta EH Bilduren aburuz, herritarrak dira horren motorra: "Herritarrak izan dira kalera irten eta biktimei elkartasuna adierazten lehenak. Egoera salatu eta bestelako gizarte eredu bat aldarrikatu dute".